Bidasoa Osasun Plataformak azken berriekiko jarrera ezagutarazi du
Osasun Sailaren irizpide aldaketa "urrats positibo" bezala definitu dute, baina berrikuntzen aurrean "erne" jarraituko duela ohartarazi dute.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak Bidasoa Ospitaleko ebakuntza zerbitzua bertan eskaintzen jarraituko dutela aditzera eman ondoren, Bidasoa Osasun Plataformatik, beren jarrera azaldu nahi izan dute.
Osasun Sailaren irizpide aldaketa “urrats positibo” bezala definitu dute eta “ospitaleko profesionalen kolektiboaren, gure plataformaren, babesa eman diguten udalen eta batez ere, beti aldeko erantzuna eman digutenen eta eskualdean egindako mobilizazioen babesa eman dieten herritarren borrokaren ondorioa” dela nabarmendu dute.
Hala ere, proiektu berriaren edukia ezagutzea beharrezkoa dela deritzote “sailburu andrearen hermetismoak jarraitu egiten baitu”.
Oraindik ere, egiteke dagoen proiektua osasun langileen eta eragindako eskualdeko udal eta eragile guztien parte hartzearen emaitza izan behar duela defendatzen dute. Era berean, emaitza Bidasoak eta Bortziriak datozen hamarkadetarako dituzten behar teknikoak eta sanitarioak jasoko dituen eta pazienteen segurtasuna zainduko duen proiektua “behar dela” gaineratu dute.
Azkenik, Osasun Bidasoa Plataformak bloke kirurgikoaren birmoldaketaren inguruan gertatzen ari diren berrikuntzen aurrean ere “erne” jarraituko duela ohartarazi dute.
Maiatzaren 9an Eusko Legebiltzarrean izango dira beren “aldarrikapenak” eta ondorioz, “eskualdearenak” azaltzeko.