Irungo EH Bilduk Kirolaren Plan Estrategikoa egitea proposatu du
Plan Estrategiko horrek hiru ardatz izango lituzkeela aurreikusten dute: eskola kirola, udal instalazioen berrikuspen eta optimizazioa eta Irungo klubekiko harremana.
Irungo EH Bildu “kirolak irunen duen garrantziaz jabetuta” dago eta kirol taldeen eta kirolarien beharrak modu egokian erantzuteko, Kirolaren Plan Estrategiko bat egitea proposatu du talde ezkertiarrak. Era berean, plan estrategiko hori, Udal Gobernuak urte hasieran aurkeztu zuen ‘Irungo etorkizuna lantzeko erakunde arteko ildoak’ izeneko dokumentuan txertatzea eskatu dio. Guzti horrekin, udal politikei “begirada integrala” ematea lortuko luketela adierazi dute.
Kirolaren plan Estrategikoak hiru ardatz izango lituzkeela aurreikusi dute: eskola kirola, udal instalazioen berrikuspen eta optimizazioa eta Irungo klubekiko harremana.
Eskola kirolean ume bakoitzaren berezitasunak kontuan hartzea “beharrezkoa” ikusten dute. Era berean, eskualdean pisua duten kirolak sustatzeari eta nesken parte hartzea sustatzen jarraitzeari ere garrantzia eman diote.
Irungo Kirol instalazioei dagokienez, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Irungo ikastetxeetako kirol instalazioak jendarteari zabaltzea eskatu dute.
Eta azkenik, “udala klubekin elkarlanean sinatutako hitzarmenak elkarlanean aztertu eta behar berrien aurrean erantzunak adostu” beharko liratekeela azaldu dute. Gainera, udalak laguntza zerbitzu bat eskaini beharko lukeela ere aurreikusi dute.