Lan istripuak gaitzetsi dituzte sindikatuek Kofradia parean
Aurreko astean lanean zebilela hil zen arrantzalearen heriotzak, lan baldintzak salatzera bultzatu ditu beste behin sindikatuak.
Joan den astean San Antonio Berri ontziko Hondarribiko arrantzale bat hil zen lan istripu ez traumatiko batean bihotzekoak jota Santoñan (Kantabria, Espainia). LAB, ELA, STEILAS, ESK, EHNE eta HIRU Sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur Done Pedro Kofradian lan istripuak arbuiatzeko.
Honezkero aurten Euskal Herrian 19 langile hil direla lan istripuetan salatu du Andoni Larralde ELA Sindikatuko ordezkariak. Atzo, lan ezbeharren txostena aurkeztu zutela ere adierazi du eta bertan ikus daitekeela ezbeharrek gora egin dutela azken urteetan, “%10 EAEn, %16tik gora Nafarroan. Egoera oso larria da”.
LAB-ek arrantza sektorea pairatzen ari den prezioen garestitzea izan du gogoan, eta horri, lanaldi luzeak, lan baldintza gogorrak eta egungo egoera gehitu behar zaizkiela azaldu dute. “Lan baldintzek markatzen dute gure osasuna eta bizitza, eta, horregatik, berriz ere lan eredu eta gizarte eredu berri bat eskatzen dugu, bizitza duina, lana eta osasuna erabakien epizentroan jartzeko kapitalaren interesen gainetik”.
ELA-k patronala interpelatu du “azken finean bere esku dagoelako ezbehar kopurua murriztea laneko segurtasun baldintza egokiak bermatuz”. Era berean, erakunde publikoei ere zuzendu zaie, zehazki, Eusko Jaurlaritzari, “oso baliabide urriak baliatzen dituzte lan osasunera. Osalan eta ikuskaritza kolapsoan dauden bitartean neurri faltagatik”.