2021ean arau-hausteen goranzko joera erregistratu zuten Irun eta Hondarribian
Irun eta Hondarribiko Udalen Ertzaintza eta Udaltzaingoen arteko Koordinazio Batzordea apirilaren 1ean bildu zen Irungo Ertzain-etxean.
Irun eta Hondarribiko udalen Ertzaintza eta Udaltzaingoen arteko Koordinazio Batzordea apirilaren 1ean bildu zen Irungo Ertzain-etxean. Batzorde horretan 2021eko delituen balantzea eta analisia egin zen. Iazko urteko datuak 2019ko datuekin alderatu zituzten, 2020ean pandemia egoera izan zenez, urte horretako datuak ez direlako alderagarriak.
Orokorrean, 2021ean datuen goranzko joera erregistratu zuten, eta joera hori Gipuzkoako udalerri nagusietan eman zela aipatu zuen Cristina Laborda Udaltzaingoko ordezkariak. Arau-hauste penalak pandemia aurreko datuetara itzuli dira (irunen %22ra igo dira, Hondarribian, berriz, %12,62). “Ohartzen gara arau-hausteek eta delituek gora egin dutela. Kezkatzen gaituen gaia da, eta horretan lanean dihardugu. Horregatik, Ertzaintzarekiko koordinazioa indartzen jarraitzen dugu, egoera horiei aurre egiteko”. Irunen, 1.000 biztanleko arau-hausteen tasa 58,06 da, eta Euskadiko hirugarren txikiena da 50.000 biztanletik gorako hirien artean, Getxo eta Gasteizen ondotik.
Aldiz, Juan Mari Altunak emandako datuek “iaz zertxobait igo direla” ondorioztatzen dutela nabarmendu zuen.
Halaber, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen estrategia patruilen lana indartzea izan dela adierazi zuten, eta aurrerantzean ere horretan jarraituko dutela. Era berean, bi polizia-indarrak koordinatzea eta egokitzea “beharrezkoa” izan dela jakinarazi dute. “Oso koordinazio ona dugu Irungo Ertzaintza eta Udaltzaingoarekin, eta hori oso garrantzitsua da herritarrei zerbitzu ona eskaintzeko orduan” aditzera eman zuen Altunak.
Koordinazio Batzordean emandako Irungo datuak:
Pertsonen kontrako delituak:
- Pertsonen osotasunaren kontrako delituak, arau-hausteak eta lesio-delituak (etxeko lesio-delituak barne): 409tik 450era igaro ziren.
- Sexu-askatasunaren kontrako delituak: 25etik 31 kasutara igo ziren.
Ondarearen aurkako delituak:
- Indarkeria edo/eta larderia bidezko lapurretak: 61etik 78ra igo ziren.
- Etxebizitzetako lapurretak: 81 kasutik 80 kasurako jaitsiera.
- Garajeetako lapurretak: 1007 kasutatik 819ra jaitsi ziren.
- Onlineko eragiketa eta erosketei lotutakoak: 174 salaketetatik 550etara igo ziren.
Osasun publikoaren kontrako delituak:
- Segurtasun kolektiboaren kontrako delituak: 268tik 250ra jaitsi ziren.
- Osasun publikoari dagozkienak (droga-trafikoak): 37tik 40ra igo ziren.
- Alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzearekin lotutako delituak: 166tik 125 era jaitsi ziren.
Koordinazio Batzordean emandako Hondarribiko datuak:
Arau-hausteak:
- Ondarearen aurkako eta arlo sozioekonomikoko delituak: 499 izan ziren iazko urtean.
- Segurtasun aurkako kolektiboaren aurkakoak: 60 izan ziren.
- Bestelako arau-hauste penalak: 51 izan ziren.
Delikuentzia tasa:
- 2019an %43,08koa zen, 2021ean berriz %40,23koa (1.000 biztanleko).