Kirurgia blokea modernizatzeko "proiektu hobea" lantzen hasiko da Eusko Jaurlaritza
Obrak egin bitartean, kirurgia zerbitzua bertan eskaintzea garrantzitsutzat jo dute Sagardui eta Sagarzazuk.
Atzoko egunean, Gotzone Sagardui Osasun Sailburua Hondarribian izan zen, eta Txomin Sagarzazu alkatearekin bildu zen Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoa berritzeko eta modernizatzeko proiektuan egin litezkeen hobekuntzak aztertzeko. Bilera horretan, kirurgia blokea modernizatzeko “proiektua hobea” lantzeko prest azaldu ziren bi aldeak.
Obra proiektu berriari buruz hitz egiten hasi ziren, eta, hala nola, egitasmoa “ahalik eta epe laburrenean egin eta lizitatzea” hitz egin zuten. Bestalde, proiektu berriak aurreko proiektuak aurreikusiak zituen hobekuntzak aintzat hartzea eta eraikinaren barne antolamendua berraztertzeari buruz ere jardun ziren. Horrez gain, obrak iraun bitartean Bidasoa Ospitalean herritarrei eskaintzen zaien kirurgia zerbitzua bertan mantentzea ere garrantzitsutzat jo zuten.
Sagarzazuk “ontzat” jo ditu orain arte aurkeztu diren proiektuaren hobekuntzak eta ahalik eta egitasmo hoberena sortzeko asmotan, Hondarribiko Udalaren kolaborazioa luzatu dio Osasun Sailburuari. Tramitazio urbanistikoa Hondarribiari dagokionez, mota honetako azterketa batek, hau da, berrantolamendu batek, hirigintza ikuspegitik, proiektua azkarrago lizitatzen lagunduko duela nabarmendu du alkateak.
Horrenbestez, Gotzone Sagarduik “hausnarketan jasotakoak aztertu” eta erantzuna epe laburrean ematea adostu zuten.