Espainiako eskubaloi selekzioak Irunen jokatuko du
Igandean izango da partida Portugalen kontra, Artelekun. Emakumeen Europako Txapelketaren barruko partidua izango da.
Igandean Espainiako eskubaloi selekzioak partidua jokatuko du Artalekun, Portugalen kontra. Hain zuzen, Europako txapelketaren sailkapen faseko azken lehia izango da. Igandean izango da, 19:00etatik aurrera.
Atzo, partidaren harira Irunen egingo dituzten ekintzen berri eman zuten udaletxean Borja Olazabal Kirol ordezkariak, Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol zuzendariak, Gorka Wamba Bidasoako zuzendariak eta Miren Etxebeste Berdintasun ordezkariak.
Alvarezek gogorarazi zuenez, lehen aldia izango da Espainiako emakumeen selekzioak Artalekun jokatzen duela, eta hori Espainiako Kopako partidekin lotu zuen, Donostiako Ilunben jokatuko baitira. Alvarezen aburuz, garrantzitsu da “Espainiako eskubaloi onena” Artalekun biltzea.
Wambaren esanetan, partida hori dela eta dei asko jasotzen ari dira sarrerei buruz galdetuz, eta “jendetza” bertaratuko delakoan da. Artaleku “ikuskizunaren sinbolo” dela eta Irun “eskubaloiaren hiriburua” dela ere gaineratu zuen.
Olazabalek, bestalde, ekitaldia dela eta egingo dituzten ekintzen berri eman zuen. Hasteko, teknifikazio jardunaldi bat egingo dute, eta, bestetik, Street Handboll saio bat. Azken horren bidez, Irungo neska gazteek (8-14) parte hartzeko aukera izango dute, eta San Juan plazan eskubaloi kantxa bihurtuko dute. Beste jarduera batzuk ere egingo dituztela ere aurreratu dute, “inor atzean ez uzteko”.
Etxebesteren arabera, topaketa horiek “aukera bikaina” eman die, “neska irundar gazteek emakumezkoen kiroleko eliteko erreferenteak hurbil izan ditzaten eta kirola egitera motiba daitezen”.