Udal garbitzaileek elkarretaratze zaratatsua egin zuten
Udal garbitzaileek beren eskaerak entzun eta kontuan hartu ditzaten eskatu zuten San Pedro kalean igandean.
Joan den hilean bildu zen lehenengo aldiz Hondarribiko udala ISS enpresarekin. Orduztik, hiru bilera egin dituzte, guztietan helburua udal garbitzaileen egoera berrikustea zelarik. Baina, egun, langileen egoerak berdin jarraitzen du. Adostasun ezak eta langileen eskaerak kontuan hartze ezak, udal garbitzaileak borrokan jarraitzera bultzatu dituela azaldu du ELA sindikatuak.
Udal garbitzaileak beren eskaerak entzunak izan daitezen eskatzen dute. Horrenbestez, joan den igandean (hilak 10) udal garbitzaileak elkarretaratze zaratatsua egin zuten San Pedro kalean, eguerdiko 12:30etan. Eskuetan erratzak zituztelarik ozen ohiukatu zuten langileek. Beren eskaerak berberak izaten jarraitzen du: soldata arrakala deuseztatzea, 2011etik berrikusi gabe dagoen lan hitzarmena berrikustea eta udal langileak dituzten lizentzia eta baimen berberak izan ditzaten eskatzen dute.
ELA sindikatuaren laguntzarekin aurreikusita zituzten mobilizazioekin aurrera jarraituko dute eta hiru egunez greba egingo dute.
- Apirilaren 29an manifestazioa goizeko 11:30etan hasiko da.
- Maiatzaren 4ean manifestazioa egingo da.
- Azken greba egunean, maiatzaren 5ean, Gipuzkoako garbitzaileen babesarekin ekitaldia egingo dute.