Irungo Udaleko obra arloak asmo handiko plana jarriko du abian
25 milioi euroko aurrekontua izango du plan honek eta "herritarren eskaerei" erantzuten dioten proiektuak hautatu dituztela adierazi du Cristina Laborda ordezkariak.
Irungo Udaleko obra arloak asmo handiko plan bat eramango du aurrera 2022an, guztira 25 milioi euro izango dituen aurrekontuarekin. Plan honen barnean, berrurbanizazioak, ondare proiektuak eta eremu publikoko obrak aurreikusten dira.
Ekipamendu berriak sortzeko obrek 12,5 milioi euroko aurrekontua izango dute. Bertan, CBA handitzea, Udaletxeari erantsita dagoen eraikinaren lurpeko solairua, Ikust Alaia eraikineko bigarren fasea, San Migeleko Emigrazio eraikinaren birgaitzea eta Emakumeen Etxea proiektuak biltzen dira.
Berrurbanizazioei dagokienez, 5,6 milioi euroko aurrekontua izango dute. Datozen asteetan, Arbesko Uztapide bertsolariaren plazaren eta Belaskoeneako Gabarari plazaren berrurbanizazioak amaituko dituzte. Bigarren fasean berriz, San Juan inguruko proiektua (Europako funtsen laguntzarekin aurrera eramango dena) eta Ama Xantalen eta Ermita kalea, zein San Migeleko Emigrazio eraikinaren inguru hurbilena hobetuko dira.
Plan honen barnean, ondare hobekuntzak egingo dira ere. Hain zuzen, Gazteluzahar gazteluaren aurriak birgaitu eta Oiasso Museoko terma erromatarrak estaliko diuzte. Azken hau, Europako funtsen laguntzekin egingo da. Obra hauetarako 2,7 milioi euro bideratuko dituzte.
Bestalde, 1,4 milioi euro zenbait instalazio hobetzeko jarduketetak egiteko izango dira.
Cristina Laborda ordezkariak esan duenez, kasu askotan “herritarren eskaerei” erantzuten dioten proiektuak hautatu dituzte, izan ere ekipamendu berriak sortzea “ondo” dagoela aipatu du, “baina daukaguna sendotzea ere” garrantzitsua dela ondorioztatu du. Halaber, proiektu asko “denbora gutxian” pilatu direla adierazi du eta proiektu asko aldi berean aurrera eramango direnez, “ahalik eta eragozpen gutxien” izatea espero dute.