80tik gora erakusketarik baieztatu dute Bioterran egongo direla
Ficobak produktu ekologiko, energia berriztagarri eta kontsumo arduratsuaren azokaren erakusketa azalaren %90 saldu du dagoeneko.
19. Bioterra hurbiltzen ari den honetan, Ficobak aurtengo produktu ekologiko, bioeraikuntza, energia berriztagarri eta kontsumo arduratsuaren azokaren berri eman du. Dagoeneko 80 erakusketariren baietza jaso dutela jakinarazi du, eta horrek erakusketa azaleraren %90 saldu duela frogatzen du. Erantzuna “bikaina” izaten ari dela adierazi du erakustazokak. Ekainaren 3tik 5era izango da 19. Bioterra Ingurumenaren Egunaren testuinguruan.
Aurten landuko duten gai nagusia permakultura izango da; alegia, nekazaritza iraunkorrari lotuta dagoen filosofia eta bizimodua. Permakulturak ideiak eta irtenbideak eskaintzen ditu giza habitatak diseinatzeko eta horren barruan, baliabideak ekitatez partekatzeko, etorkizun jasangarria bermatuz.
Ekoizpen ekologikoa hazi da
Bioterrak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako nekazaritza ekologikoari begira jarri da, eta urtez urte hazteko joerari eusten ari dela jakinarazi du: landutako azaleraren %4,3 da egun ekologikoa, eta helburua %25era iristea da. Ekoizle berriak ere hazi dira; 60 gehiago daude EAEn. Gipuzkoan nekazaritza ekologikoan lan egiten duten ekoizleak 283 dira, guztira. Hedadura ere handitu da EAEn, 7.905 hektarea guztira, eta hazkunde handiena Gipuzkoan izan du, %22.
Animalien ekoizpenera bideratutako hektareak ere hazi dira, eta %20 baita fruta ekoizpen (%7) eta mahastiak (%16) ere.
Webgune berria
Bioterra azokako webgunea berritu du Ficobak. Hain zuzen, datorren urtean 20.enez egingo dute azoka, eta urteurrenaren atarian erabaki dute berritzea.