[Galeria] Oheratzeko ordua atzeratu du Korrikak Bidasoan
Santiago zubitik iritsi da Korrika Bidasoara AEK-ko kideen eskutik, eta Hondarribitik behin eta Irundik bi aldiz pasatu ostean, Oarsoaldeari eman dio lekukoa Gurutzen.
Larunbata gaueko ordu txikietara arte luzatu da Irunen eta Hondarribian. Egun osoan zehar, motorrak berotzen aritu dira bi herrietan, Korrikaren etorrera dela eta. 3 urteko itxaronaldia gauerdia pasata amaitu da: Santiago zubitik Korrikaren furgoneta sartu denean Irunera: Irungo zein Hendaiako AEK-ren eskutik iritsi da 11 egunez Euskal Herri osoa igaro duen lekukoa. Jende ugarik eman dio ongi etorria Korrikari, eta duela 3 urte bizitako sentimenduak agertu dira berriro.
Irunen kilometro batzuk egin ondoren, Hondarribiara iritsi da lekukoa Mendelutik: Irungo EAJko kideek jaso dute. Une magikoak bizi izan dira Hondarribian ere, espero baino denbora gehiagoz etenik egon den Korrika berriro herritik pasatzerakoan.
Hondarribitik berriro Irunera jo du Korrikak, eta CAFeko Enpresa Batzordeak hartu du, eta Puiana, Urdanibia eta Kateatik pasatu ondoren, Gurutzen, Oiartzuni eman diote lekukoa Irungo EH Bilduko kideek.
Gaurko galeria, AEK-k utzitako argazkiekin.
Atzoko galeria.