[Galeria] Txiki eta gazteenen Korrika Jaia egin dute egunean zehar
Tailerra eta ginkana egin dute herriko gazteenek Arrantzale auzoan. Gau aldera kontzertuak eta afaria izango da Kasino Zaharrean giroa berotzeko.
Korrika ordu batzuk barru iritsiko da Hondarribira, eta giroa berotzeko Korrika Jaia antolatu dute udalak eta Blagan euskara elkarteak.
Goizean Santa Maria Madalena arte tailerraren eskutik Hitzekin lema idatzita zuen telazko poltsak margotzen aritu dira haurrak Arrantzale auzoan.
Arratsaldean, Gazte ginkana konkis egin dute toki berean eta hiru taldetan banatutako lehia Rawr taldeak irabazi du. Sokatira, atsotitzak eta Hondarribiko euskara izan dira jokoaren parte. Beste jokoetan bezalaxe, gazteenek herriko euskaran trebe dabiltzala erakutsi dute gaurkoan.
Kasino Zaharrean karpa bat jarrita dago eta 19:00etan Marmoka musika taldeak kontzertua hasi du. Ondoren afaria egingo dute bertan ere, eta azkenik Skubi igoko da oholtzara. Korrika berandu ez badabil, 01:30ean sartuko da hirian eta Hondarribiko EAJ-k jasoko du lekukoa.