[Elkarrizketa] "Barru-barruan argi nuen, baina pausoa ematea zaila izan zen"
Astelehenetik aurrera CBAn egingo duen erakusketarako azken xehetasunak prestatzen ari da irundarra. Artista gaztea izanik bidea egiten ari da Lopez Becerra kalean duen tailer eta arte estudioan.
Artista eta Arte Ederrak ikasitakoa, Leioan. Betidanik izan duzu argi artearen mundura dedikatu nahi zenuela?
Oroitzen naizenez, bai. Oso txikitatik hasi nintzen lotura izaten artearekin. Arteko klaseetara 4 urterekin joaten hasi nintzen, eta geroztik beti margotu izan dut. Beti izan dut argi, eta institutuan ere artistikoa egin nahi nuen. Momentuan zalantzak izan nituen denek bezala, baina beti izan dut harremana artearekin.
Leioan ikasi zenuen Arte Ederrak. Zer moduzko esperientzia izan zen?
2013an hasi nintzen. Oso gustura egon nintzen. Gaztelaniaz egin nuen, txikitatik Irungo akademia batean El Busto Art Crew ikasi izan dut (Elena del Bustok eramaten du), eta berak gomendatu zidan irakasle bat, historiakoa, eta gaztelaniaz egin nuen berarekin egoteagatik. Eskolez aparte, talde polita osatu genuen, Emanart. Urtean bi aldiz arte saioak edo emanaldiak egiten genituen unibertsitatean: kontzertuak, poesia saioak, erakusketak, film laburren lehiaketa, performanceak…
Behin unibertsitatea bukatuta, zer? Nola hasi zinen tokia egiten artearen mundu honetan?
Arte Ederretan hiru gradu daude: diseinua, artea eta ikus-entzunezkoak. Artearen barruan, ez dago praktikarik. Lanean aritu naiz ikasten ari nintzen bitartean ostalaritzan, dirua irabazteko. Bukatu nuenean, pintura masterra egitekotan egon nintzen, baina, azkenean, ez nintzen animatu. Erabaki nuen lanean hilabete batzuk egin eta gero, bidaiatzea. Ikasketak bukatu, eta ondorengo bi urteetan lana eta bidaiak uztartzen aritu nintzen: lana udaran, eta neguan bidaiatu. Duela urtebetetik gora hemen finkatu nintzen. Orduan pentsatzen aritu nintzen ‘edo honetan hasten naiz lanean edo, bestela, betirako geratuko zait arantza’. Artean lana aurkitzea ez da erraza, ezin da curriculumik bidali, baina argi nuen gauzak sortu nahi nituela, eta horretarako espazioa eta dirua behar nituen. Azkenean, unibertsitatean lortutako zenbait bekaren dirua gordeta nuenez, horrekin nago lokala ordaintzen. Bidaiatzen aritu naizenean ere marrazten jarraitu dut; ez diot inoiz utzi marrazteari. Azkeneko bidaietan marrazki asko egin nituen, eta jendeari erakutsi eta gero, erakusketa bat egitera animatu zidaten.
Non egin zenuen erakusketa hori?
Hondarribiko Basque tabernan egin nuen. Asko saldu nuen; jendeari asko gustatu zitzaion, eta feedback ona jaso nuen. Bakarkako nire lehen erakusketa izan zen, 2019an. Hortik aurrera, topera hasi nintzen, eta argazkiena egin nuen, Qispy Kai. Hori bukatu ondoren, beste erakusketa bat egin nuen Errenterian, sei argazkirekin, hilabete batez. Hori eta gero, erakusketa mugikor bat prestatu nuen, baina justu pandemia hasi zen. Bertan behera geratu zen, eta gaur arte.
Pandemiak nola eragin dizu?
Geldirik egon naiz zentzu guztietan. Dena itxi zuten, eta, gainera, artea, azkenengo tokian geratu zen. Pandemia eta gero, berriro hasi naiz lanean. Irungo udaletxerako mural bat egin nuen Emigrazio eraikinean. Gauza bat eta bestea, asteazken honetan, muntaia daukat CBAn erakusketa bat jartzeko. Pixkanaka, badirudi aukerak irekitzen ari direla.
Beraz, hasi bezain laster, pandemia etorri zen. Zaplasteko galanta izango zen zuretzat…
Hala da. Lehen oso etxe txikian bizi nintzen, eta ezin nuen margotu. Digitalean margotzen nuen, baina ez da gehien gustatzen zaidana. Beraz, itxialdia oso txarra izan zen niretzat, eta pentsatzen hasi nintzen beste lan batean hastea ere… Azkenean erabaki nuen %100ean toki bat hartu behar nuela lanerako. Izan ere, pandemian estudioa izango banu, aukera izango nuen margotzeko eta kreazioak egiteko, eta pandemia bukatzerakoan, hori atera eta erakusteko. Orduan erabaki nuen probatu nahi nuela, behintzat. Inflexio puntua izan zen.
Pauso hori ematea erabaki zaila izango zen.
Oso. Berez, barru-barruan argi neukan, baina pausoa ematea oso zaila zen. Egunero lanean ari naiz 8-10 orduz, baina, gero, hileko soldatarik ez duzu irabazten; beraz, babesa eduki behar duzu inguruan. Normalean, ondo nago, baina beheraldiak ere izaten ditut: ‘Zer egin dut? Non sartu naiz? Ni bakarrik…’. Zaila da. Baina babes hori daukat, eta lehenengo hilabeteetan emaitzarik lortzen ez badut ere, asmoa da pazientziaz hartzea, lan egitea, mugitzea eta pixkanaka tokia egitea.
Nolako hiria da Irun artista berrientzat?
Irunen erakusteko momentuan, agian, taberna batzuk eskaintzen dizute espazioa, baina hurrengo pausoa eman nahi duzunean, toki serioago batean, ez dago toki fisikorik. Horrek, gainera, artisten mugimendu bat egotea oztopatzen du. Horregatik irudi zitzaidan art studio hau hain toki aproposa, badagoelako hori behar duen jendea. Amaia KZ eta Menchu Gal oso toki politak dira, baina hara iristea oso zaila da, ez da edonor sartzen. Beraz, hasten zarenean, askotan ez dakizu nora jo.
Artearen inguruko sarea falta da, beraz?
Hiri handia izateko, ez dago hirietan izaten den mugimendu kulturalik, ez dago musika zuzenean ezta poesia ikastaro edo emanaldirik ere. Erakusketak egiteko pare bat taberna daude, eta ez dago toki bat ere liburuak elkarbanatzeko… Kultur bizitza hori falta da. Gainera, Irunen bere kokalekuagatik, aukera asko egon daitezkeela uste dut, jende asko pasatzen delako.
Irunen badira beste artista gazteak. Harremanetan zaudete?
Ez. Horretaz ere ohartu naiz, bakoitza bere kabuz dabilela. Esaterako, duela gutxi ezagutu nuen Marteko Miren [Gonzalez], ez genuen elkar ezagutzen. Nik uste dut elkartzen baldin bagara, indar gehiago edukiko dugula, eta beste ate batzuk jotzeko aukera izango dugula. Ziztakaren bidez, artearen munduan dabilen jende asko dagoela ikusi dut, eta elkartu behar garela uste dut.
Ziztaka bezalako proiektu batekin etor daiteke artistek behar duzuen bultzada hori?
Kafe Antzoki moduko bat lortzen saiatzen ari dira, eta ikusita gauzak egiten ari direla eta jende asko mugitzen ari direla, baliteke. Irunen arte galeriarik ez dagoenez, gustatu zitzaidan ideia, erakusketak egiteko aukera ematen digulako. Amaian, esaterako, itxaron zerrenda 3 urtetakoa izan daiteke. Menchu Galen, berriz, curriculuma eskatzen dute, eta oso zaila da sartzea.
Oraingoan, CBAn egingo duzu erakusketa. Nolakoa izango da?
Elena del Busto eta Aduna Lopetegirekin batera egingo dut. Hiru emakume gara, eta belaunaldien arteko erakusketa egingo dugu: X, Y eta Z. Elena da zaharrena, ni erdian, eta Aduna da gazteena. Belaunaldi bakoitzeko egoera edo ezaugarriak azalduko ditugu, hainbat obraren bidez. Niri bizitzea tokatu zaidana erakutsiko dut. Nire kasuan, bidaiak, gehienbat. Gure gurasoek ez zuten bidaiatzeko horrenbeste aukera izan, eta gure belaunaldikoek, berriz, bai. Digitalean sortutako artea, eskulturak, harearekin egindako koadroa, eta sei bat argazki eramango ditut, baita poesia bat ere; bakoitzak testu bat eramango du.
Bidaia horiek zer ematen dizute?
Asko. Asko gustatzen zait bidaiatzea eta beste kulturak ezagutzea. Unibertsitatean nengoenean Kolonbiara joan nintzen uda batean, eta buruak eztanda egin zidan. Hasi nintzen beste lekuetako arteak aztertzen eta ni neu egiten saiatzen. Asko gustatu zitzaidan. Bizitzen duzunak pentsaera aldatzen dizu, baita eratzeko modua ere. Ikusten duzunean nola egiten dituzten gauzak, begiak irekitzen zaizkizu: guk ere material edo baliabide berak eduki arren, ez ditugu modu berean erabiltzen. Askatasun handia ematen dizu, era berean. Normalean, surf egiteko tokiak aukeratzen ditut. Egun osoa uretan pasatzeak bakarrik, eta beste gauzarik egin gabe, bake mentala ematen dit, eta une horretan irteten da nire benetako nia. Beraz, ia bidaia guztietatik etorritakoan, erakusketa bat egin dut. Ia bidaia guztiak bakarrik egin ditut, eta oso garrantzitsua da, pentsatzeko momentu ona baita. Egiten ditudan gauza guztiak hausnarketa batekin doaz, eta atzean, poesiak edo idazketak daude. Une horretara iristeko bakardadea behar duzu, eta leku horietan lortzen dudan bakeak inspiratzen nau.
Natura behar dugula aldarrikatzen dut
Amaia KZ eta Menchu Galera iristea oso zaila da artista berrientzat
Uretan eta bakarrik nagoenean irteten da nire benetako nia»
Horregatik erabiltzen dituzu ura edo hondartzarekin lotutako materialak.
Bai. Zehazki, hauek [alboan dituen harriak seinalatzen ditu] Jaizkibelgo harriak dira. Jaizkibelez maiteminduta nago, eta asko inspiratu izan nau. Agian ez dago beti obran islatuta, baina niri laguntzen dit gero lan egiteko. Natura behar dut eratzeko, eta tokiaren eragina islatzen da obran.
Naturako elementuak bai, baina zein gai lantzen dituzu?
Gehienbat gorputza edo gizakia den moduan azaltzen saiatzen naiz. Azken aldian pandemiaz eta bizi dugun egoeraz hausnartu dut. Pandemiaren eraginez ezin ginen ez besarkatu, ez ukitu, ez musukatu ere, eta nire inguruan eragin handia utzi du: depresio eta buru gaixotasun asko. Azken finean, pertsonak gara eta naturalki behar ditugu harreman horiek, baita natura ere. Azken urteetan oso loturik gaude teknologiara, hirietan pilatuta, eta natura arbuiatuz. Geroz eta harreman gutxiago dugu naturarekin, eta nik aldarrikatzen dut, berriz, natura behar dugula. Azkenean, pertsonak garenez maitasuna behar dugu, eta natura bera ere maitatu: naturatik gatoz eta bertara bueltatuko gara.
Modalitate ezberdinak lantzea gustatzen zaizu: pintura, argazkilaritza, eskultura, poesia…
Denetik probatu dut, baita estanpazioa eta grabatua ere. Alde batetik, ona da, baina, bestetik, ez zara gauza batean zentratzen. Azkenean, ordea, baliagarria dela uste dut, proiektu bakoitzak gauzatzeko modu bat eskatzen dizulako.
Aurrera begira, gustatuko litzaizuke zerbaitean zentratzea, artearen alor batera mugatzea?
Ez dut uste. Gauza ezberdinak probatzean gehiago irekitzen zara, eta lan egiteko modua aldatzen duenez, ate edo aukera gehiago irekitzen zaizkizu, ez zara estankatzen. Lokala hartu nuenean pinturan zentratua nengoen, eta momentu batean blokeatu egin nintzen. Idazten hasi nintzen eta buztina lantzen, eta berriro bueltatu nintzen sortzera. Horrekin lortu nuen ataka hori gainditzea.
Tailerraz aparte, lokalaren sarrerako art studion erakusketak egiten dituzu. Zein da helburua?
Lokala hartu nuenean ez neukan hura jartzeko asmorik, baina hain handia denez, aukera baliatzea erabaki nuen. Obrak erakutsi nahi dituen jende asko topatu dut, eta tokirik ez dagoenez, nire asmoa da bi hilabetean behin erakusketa bat egitea, eta espazio bat eskaintzea jendea etortzeko, hitz egiteko, beste artista batzuk ezagutzeko; hemen, Irunen arte topagune bat izateko. Oraingoz, Irun eta inguruko jendearekin ari naiz osatzen, eta ea noizbait beste tokietako artistak ekartzeko aukera dudan.
Era berean, helduentzako ikastaroak emateko talde bat osatzen ari naiz, jende askok interesa agertu duelako. Ideia da astean behin artista bat aurkeztea, haren gaineko azalpenak ematea, eta gero, bakoitzaren beharren arabera lanketa egitea. Asmoa da libre uztea edo bakoitzak nahi duena eskaintzea. Pertsona bakoitza mundu bat da, eta bakoitzak ez dugu gauza bera nahi izaten; irekita nago eskaera horietara.