Ticket BAI sistemak saltoki txikiak aintzat hartzeko eskatu diote aldundiari
Dendari guztiei berdin tratatuz gero, negozioa kontrolik gabe uztea ekarriko lieketela diote. Kanpaina honekin bat egin du Amuitz Merkatarien taldeak.

Ogasunak jasan ditzakeen iruzurrei aurre egiteko Ticket BAI sistema berria erabiltzera behartu ditu aldundiak establezimenduak. Dendartean Gipuzkoako Merkatari Elkarteen Bilkurak salatu du saltoki txikietan ez dagoela iruzur fiskalik, “ez behintzat aldundiak ezarri nahi duen nahitaezko prozedura ezartzeko premia justifikatzen duenik” eta horretara derrigortzen dituen dekretua egokitzearen eskaria egin dute.
Fakturak sortzeko sistema berri hau ezartzen ari diren bitartean, Espainiako Gobernua fakturazio sistemei buruzko lege bat izapidetzen ari dela azaldu dute “arauak eskatzen du negozioetako software guztiek aukera eman dezatela fakturak jaulkitzen dituzten unean ogasunari jakinarazteko”.
Lege horren xedea negozioek haien borondatez eta derrigortu gabe programa horiek eskuratzea da eta hori indarrean jartzeari itxaron nahi diote. Izan ere, une honetan ez dute egoki ikusten Ticket Bai ezartzea establezimenduen itxiera prozesuetan eragin azeleratzailea eragingo duela uste baitute.
Saltoki txikiek bizi dituzten arazoak duela urte batzuk hasi zirela deitoratu dute “lehenik eta behin, hirigintza banaketa enpresa handien zerbitzuetara jarri zen, eta gero, online salmenta plataforma handiei mesede egiten dieten legediak mantendu dira, lan ikuspegitik zein ikuspegi fiskaletik”.
Ez direla berdinak sistema hau ezartzearen zailtasunak makroenpresa, mikroenpresa edo denda txikientzat iritzi du Dendarteanek, eta kasu bakoitzaren araberako ezarpen berezia egitea galdegin dute. Izan ere, dendari guztiei berdin tratatuz gero, negozioa kontrolik gabe uztea ekarriko lieketela diote, “inbertsio garestiekin eta kostu iraunkor berriekin, dedikazio eta prestakuntza zaileko esfortzu berriekin, sisteman matxura eta ezjakintasun posibeekin, akats eta zuzenketa konplexuak egiteko aukerarekin, kobrantza sistemak zailduz, kontratatu behareko pertsonekiko edo kanpoko agenteekiko mendekotasuna sortuz betirako”.
Ondorioztatu dute ez dagoela aukerarik Ticket BAI sistema ezartzeko saltoki txikiei kalte handia eragin gabe. Hori dela eta, aldundiari eskatu diote Ticket BAI Dekretuan 6. artikuluan aurreikusten dituzten salbuespenak aplikatzea, “enpresa jardueraren garapenean nahasmenduak saihesteko”.
Arazo hori konpontzeko gehiago inplikatzea nahi dute, baita sektoreko ordezkariekin talde bat sortzea ere, “guztion artean irtenbide on bat bilatzeko”. Kanpaina honetara atxiki da Hondarribiko Amuitz Merkatarien taldea.