Loraitz haur eskolako matrikulazio epea hasiko da
Datorren astelehenean hasi eta maiatzaren 9an amaituko da matrikulazio kanpaina.

Astelehenean zabalduko dute Loraitz Haur eskola publikoan 2022-2023 ikasturterako matrikulazio epea, eta maiatzaren 9a arte egiteko aukera izango da, bai online eta bai aurrez aurre.
0 urtetik 2 urtera bitarteko haurrei zuzendutako zentroa da eta helburuen artea “haurren gaitasun fisiko, afektibo, sozial eta intelektual guztiak bultzatzea, baita prozesu horretan bidelagun izatea” dela adierazi du udalak.
Matrikulazioa doakoa da kasu hauetan: 18.000 euroko irabaziak baino gutxiago dituzten familientzat, erditze anitzeko kasuetan, eta haur eskolan beste anai arrebaren batekin bat eginez gero, kuota doan izango lukete.
Eraikinaren zerbitzuei dagokienez, 0 eta 1 urtekoentzat bost gela dituzte, eta beste hainbeste 1 eta 2 urtekoentzat. Horrez gain, psikomotrizitate gela, jangela, bi patio, garajea eta igogailua ditu instalakuntzak. Bi karro ere erabili izan dituzte eguraldi onarekin paseatzera joateko.