Klima aldaketaren eta energia jasangarriaren aldeko plana aurkeztu du udalak
Udalbatzak onartu behar du dokumentua oraindik. Berotegi efektuko gasen emisioak murrizteaz gain, egokitzeko ekintzak jasotzen ditu plan berriak.
Klima eta energia jasangarriaren aldeko plan berria aurkeztu zuen atzo udalak, Jasangarritasun Energetikoko Mahaian. Orain, hurrengo pausoa, Udalbatzara eramatea izango da, hark onartu dezan, eta handik Alkateek Itunaren Bulegora igorriko dute.
10 urtez indarrean egon den azken planak berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko “arintzeko neurriak” biltzen zituela gogorarazi du udalak, eta, berriak, berriz, “egokitzeko ekintzak” ere jasotzen dituela. Beraz, 26 neurriei 16 neurri berri batuko zaie, eta klima aldaketak dagoeneko eragin dituen inpaktuei aurre egitera egongo dira bideratuta: tenperatura igoera, lehorteak, euriteak eta antzeko muturreko egoerak.
Zehazki, 2030erako isurketak %55 murriztea du helburu (2007arekin alderatuta). Irunen aurreko helburua bete dela gogorarazi du udalak 2020rako %25,3 (%20 zen helburua).
Helmuga horretara iristeko lau ildo estrategiko izango ditu planak: efizientzia energetikoa, energia berriztagarriak, mugikortasuna eta hondakinak. Horiek modu transbertsalean aplikatuko dira, eta batik bat udal mailan, eragiteko gaitasun handiagoa duelako, udalarriarentzat aurrezki ekonomikoa ekar dezakeelako eta eredugarri izateko. Hala nola, neurri hauek aurreikusten dira: energia-kontsumoaren monitorizazioa eta teleneurketa, energia auditoriak, LED argiztapena, eskolara joateko bide seguruak…
Egokitzeko ekintzei dagokienez, hala nola, ekintza hauek aurreikusten dira: ekipamendu publikoetan ura aurrezteko kanpaina, hiriko saneamendua eta drainatzeak efizientziaz kudeatzea, lehen sektoreko tokiko produktuak eta 0 km-koak sustatzea, eta klima- aldaketak habitatetan, floran eta faunak dituen eraginak ebaluatzea.