Kasino Zaharrean tailerrak egingo dituzte hurrengo hilabeteetan
Bazkideek izango dute lehentasuna, eta matrikulazioak datorren asteko 11, 12 eta 13an egin beharko dira.
65 urtetik gorakoentzako Senior jardueren programazioaren berri eman du Gizarte Zerbitzuen departamenduak. Kasino Zaharra erretiratu eta pentsiodunen elkartearekin koordinatuta aritu dira lanean, baita Arraun Elkartea eta Amute-Kosta auzo elkartearekin ere.
Lau tailer eskainiko dira doakoak direnak maiatzean eta ekainean: memoria tailerra, ibilketa nordikoa, yoga eta gimnasia. Parte hartzeko matrikula egin behar da apirilaren 11, 12 edo 13an 10:00etatik 13:00etara Kasino Zaharreko bulegoetan. Ordutegi bera ezarri dute 2020ko kuota ordaintzeko.
Edukierak murriztua izan behar duenez Kasino Zaharra elkarteko bazkideei emango zaie lehentasuna, eta plaza baino eskatzaile gehiago baldin badago zozketa egingo dela adierazi du udalak. Bazkideek haien txartela erakutsi beharko dute frogatzeko.