Igandero bueltan dator eskaintza eta ordutegi zabalagoarekin
Etzi, bertako artisautzaren azoka egingo dute, Esku-lan elkartearen eskutik, eta Colon ibilbidea, berriz, 10:00etatik 19:00ak arte egongo da moztuta.
Igandero bueltan dator, eta oraingoan, gainera, ordutegi eta eskaintza zabalagoarekin. Hasteko, etzi, hilak 10, bertako artisautzaren azoka egingo dute, Esku-lan elkartearen eskutik. Bertan, produktu sorta zabala eskainiko dute: ehun-osagarriak, artea eta birziklatutako produktua, serigrafia baita euskal jantzigintza ere.
Bestalde, Colon ibilbidea goiz eta arratsaldez egongo da itxita. Neguan, Igandero goizera bakarrik mugatu da, 15:00ak arte; eta, orain, berriz, 10:00etatik 19:00etara zabaldu dute ordutegia. Beraz, oinezko nahiz txirrindulariek guneaz gozatzeko denbora gehiago izango dute.
Horrek autobusaren ordutegian ere eragina izango du, eta 1, 2 eta 4 lineako erdialdeko geralekuak eten egingo dira.
Hurrengo saioak
Igandero, Aste Santuan eten egingo da, eta hilaren 24ean bueltatuko da. Orduan, bizikleta lasterketak egingo dituzte. Horrez gain, hilaren 23an, Liburuaren Egunean, jarduerak antolatuko dituzte.
Borja Olazabal Garapen Jasangarri eta Mugikortasun ordezkariaren arabera, aste osoan autoek okupatzen duten gune hori, oinez, biziletaz edo monopatinez ibiltzeko izango da.