Oinatz luzea izango duten ekarpenak
Bidasotik eta Oarsoaldetik Korrikaren izaera orokorrean eragiten aritu direnak ere egon dira aurten. Esate baterako Kukai Dantzak koreografia sortu du, eta Ane Garciak kantua abestu du.

Euskararen normalizazio linguistikoaren alde borrokan edota euskara hitz egin dadila zabaltzen dabiltza euskaldunak Euskal Herriko txoko guztietan. Bakoitza bere testuingurutik abiatzen da, baina denen nahia da euskaraz bizi ahal izatea normaltasun osoz; aukera bat izan gabe. Horretan dihardute euskara irakatsiz AEK euskaltegiek. Gainera, bi urtetik behin antolatzen duten Korrikak haien lanarekiko herritarren atxikimendua adierazteko balio die, besteak beste. Esanahi handiko iniziatiba izanik, horrelako batek behar dituen elementuak ditu, tartean abestia eta horren dantza daudelarik. Zentzu horretan, Bidasoan eta Oarsoaldean badira batzuk Euskal Herri osoan sona izango duten ekarpenak egin dituztenak; Ane Garcia abeslari hondarribiarraren eta Kukai Dantza errenteriarren kasua izan daiteke hori.
Uneoro furgonetan, ikastetxeetan eta tipi-tapa aditzen den txoko guztietan entzuten da aurtengo Korrikaren abestia, Hitzekin. Ahotsean, Nerea Urbizu eta Anariz gain, Ane Garcia ere entzun daiteke kantari. Era berean, haiekin batera aritu dira Eñaut Gaztañaga ekoizle lanetan, Sustrai Colinak letra idatzi du, eta Urbizuk berak abestia sortu du.
Kantuaren hastapenei buruz galdetuta, Urbizuk jaso zuela kantua sortzearen proposamena azaldu du Garciak, eta hori dela-eta jaso zuen hondarribiarrak kolaborazioaren galdera. “Baiezkoa eman nion, baina hala ere sorpresa izan zen niretzat, lehenagotik ez ginelako ezagutzen, eta beste aukera asko zituelako abeslari gisa aritzeko”.
Proposamen hori 2020ko udaran jaso zuela azaldu du hondarribiarrak –Korrika 2021ean egitekoa zelako– eta urte eta erdiz sekretupean eduki du bere ekarpena. Hori bai, behin abestia argitara eman zutenean ingurukoek sorpresa eta poza hartu zutela adierazi du Garciak. “Lurra taldean ibili nintzen abeslari, baina badira urte batzuk alor publikoan ez nabilela. Ez nabil kontzertuak ematen, eta jendeak sorpresa hartu zuen”.
Dimentsioa
Grabaketetatik irten zenean, egindakoak izan zezakeenaren dimentsioa neurtzeko ez zela gai izan dio hondarribiarrak. Egun hauetan Korrikaren irudiak ikusi eta bere ahotsa hor dagoela ohartzea, berriz, oso sentsazio polita izaten ari dela adierazi du. “Korrika zuzenean ikustean eta abestia entzutean pentsatu izan dut, ‘ai ama, hortxe nago jendearekin!’”. Oraindik Korrika Bidasotik pasa ez denez, gertatzen ari dena ez duela lehen pertsonan entzun eta bizi adierazi du. “Korrika hasten denean ematen diozu dimentsioa eta ikusten duzu zein presentzia daukan”.
Aldiz, Kukai Dantzak bai izan dezakeela egindako lanaren dimentsioaren susmoa. Haiek koreografia diseinatu dute, eta korrikalari guztiei begira pentsatuta sortu zutela azaldu du Alain Maya taldekideak. Korrikak sortzen duen unitate didaktikoetan oinarrituta egin zion proposamena furgonetan lanean egoten denetariko batek dantzariei, eta hasieran ardura sentitu zutela kontatu du. “Korrika azkenean txoko guztietan egiten da, eta oso ikusgarria da. Zerbait dezentea egin behar genuela uste genuen, funtzionatuko zuena. Kezka hori bagenuen”. Aurrekarien artean body perkusioarekin egindako Korrikaren dantza zuten, eta pausuak nolakoak izan behar zuten erabakitzerakoan “ikasi gabe ere momentuan jarraitu ahal den dantza” izan behar zuela argi zuten.
Kukaik urtero kilometro bat erosten duela, edota beste modu batean ekarpena egin ohi izan duela oroitarazi du dantzariak, eta aurtengoarekin ere pozik geratu direla esan du. Gogoan izan du 2009an Gasteiz helmuga izan zenean kale ikuskizun bat aurkeztu zutela dantzariek.
Bai Garciak zein Mayak bat egin dute: Korrika haientzat eta euskaldun guztientzat oso berezia da.