[Erreportajea] Gaur, Korrika gaztea egingo dute Irunen
Toki Alai, Eguzkitza, San Vicente de Paul eta Hirubideko DBH 3 eta 4. mailetako ikasleak aritu dira goitik behera gaurko eguna prestatzen. 10:00etan irtengo dira Mendelutik Zabaltza plazara arte.

Iritsi da eguna. Dagoeneko guztia prest dago, eta urduritasunak albo batera utzi, eta jaiaz disfrutatzeko unea iritsi zaie Irungo gazteei. Izan ere, Korrika nagusiaren atarian, gaur, Irunen, Korrika Gaztea egingo dute lehenengoz. Ekitaldi horren atzean Toki Alai, Eguzkitza, San Vicente de Paul eta Hirubideko DBH 3 eta 4ko ikasleak daude; zehazki, Euslider egitasmoan lanean ari diren ikasleak. Lan handia izan dela onartu dute, baina beren buruarekin “pozik” azaldu dira aurrera ateratzeko gai izan direlako. Izan ere, goitik behera, ekitaldiaren antolaketa ikasleen esku egon da.
Euslider hizkuntza lidergoa sustatzeko proiektua da, eta ikastetxeetan euskarari bultzada bat emate aldera, hainbat ekintza antolatzen dituzte. Horren barruan, aurten Korrika antolatzea erabaki dute hiriko zenbat ikastetxeren artean. “Gainera, kontuan izanda, Korrika nagusia gaueko ordu txikietan pasatzen zela, ez zen oso ordu aproposa guretzat”, adierazi du Alaitz Susperregi antolatzaileak. Modu horretara, gazteek parte hartu eta euskara sustatzea da euren asmoa.
Proposamena irakasleen eskutik iritsi zitzaien ikasturte hasieran, baina hortik aurrera, garapen osoa ikasleen esku egon da, “helduak bakarrik ikuskatzen aritu dira”. Ikasleen arabera, azken hilabete hau “korapilatsua” izan da, “gauza asko” koordinatu behar izan baitituzte. Ardurak ikastetxe bakoitzaren artean banatu dituzte, eta Toki Alairen kasuan, ibilbideaz, ikastetxeekin koordinatzeaz eta prentsa idatziarekin harremana egiteaz arduratu dira. Gainontzekoek sare sozialak, irrati eta telebistarekin harremanak, pankartak eta ekitaldi bukaerako festaren antolaketa hartu dute beren gain. Toki Alain 20 bat ikasle aritu dira.
Edozein kasutan, proiektua positiboki baloratu dute, eta gauza asko ikasteko aukera izan dutela gaineratu dute. “Eskolan proiektuak egin izan ditugu, baina lehenengo aldia izan da tamaina honetako egitasmo bat egiten duguna”, azaldu du Naiara Etxebeste ikasleak. “Hasieran, ez genuen uste horren proiektu handia izango zenik, baina, gero, ohartu ginen herri mailako gauza zela, eta gustatu zaigu parte hartzea, eta gauzak guk nahi ditugun moduan antolatzea. Prozesu polita izan da”, nabarmendu du June Moralesek. Ikasleen artean egon den “lankidetza eta laguntasuna” ere gaineratu ditu Susperregik.
ibilbidea
Gaur, 10:00etan irtengo dira ikasleak Mendelutik, eta Zabaltza plazara arteko bidea egingo dute korrika. Amaitutakoan, festa izango dute, 13:30ak arte. Lekukoan izango den mezua irakurtzeaz gain, musikarekin girotuko dute jaia. Bidean doazenean, berriz, lekukoa pasatuko dio ikastetxe batek besteari. Korrikan aritzeaz gain, dena koordinatzen aritu beharko dute egunean bertan: batzuk elkarrizketak eskaintzen, besteak argazkiak eta bideoak ateratzen… Egun osoan zehar ateratako irudiekin bideo bat osatuko dute.
Deialdia Irungo ikastetxe guztiei zabaldu bazieten ere, Korrika Gaztea antolatzen ari direnek bakarrik parte hartuko dute, DBH 3 eta 4ko ikasleek.