Arrantzale bat hil zen atzo lanean Santoña inguruan
Bihotzekoak jo zion langileari eta horren ondorioz zendu zen. Lan baldintza gogorrak, era horretako lan istripuen arrazoi nagusietako bat direla salatu du LAB Sindikatuak.
Hondarribiko portuko San Antonio Berria ontziko arrantzale bat hil zen atzo arratsean lanean ari zela bihotzekoak jota. Langileak 51 urte zituen eta berdelaren arrantzan ari zen Santoñako uretan (Kantabria, Espainia). LAB Sindikatuak eman zuen heriotzaren berri eta elkartasuna adierazi die familiari, lankideei eta arrantzale guztiei.
Era berean, arrantza sektorea pairatzen ari den prezioen garestitzea aipatu dute. Gertaera ekonomiko horri lanaldi luzeak, lan baldintza gogorrak eta egungo egoera gehitu behar zaizkiela azaldu du LABek “non berriro ere herri eta langile klaseak garen egoera honetako zigortuenak, lan baldintzak lan istripu ez traumatikoan atzetik daudela salatzera garamatza”.
Lan baldintza gogorrak, istripu ez traumatikoen lehen arrazoietako bat dela ohartarazi dute “Lan baldintzek markatzen dute gure osasuna eta bizitza, eta, horregatik, berriz ere lan eredu eta gizarte eredu berri bat eskatzen dugu, bizitza duina, lana eta osasuna erabakien epizentroan jartzeko kapitalaren interesen gainetik”.
Lanpostuetan heriotza gehiagorik gerta ez dadin elkarretaratzea deitu du LAB Sindikatuak apirilaren 13an 11:30ean Kofradian.