"Ezagutzen ditugun lekuak dira baina ez garenak begiratzen jarri"
Gaur ireki du hondarribiarrak bere lanaren lehen erakusketa Zarauzko Arkami galerian. Arkitekturari lotutako laminak dira, eta xehetasunak bertatik ikusteko aukera ona izango dela dio Torresek.

Ilustrazio zientifiko eta arkitektonikoa egiten duzu. Noiz hasi zinen espezializazio horietan?
Arkitektura ikasten ari nintzela jada eskuz egiten nituen proiektuak besteek ordenagailuz egiten zituztenean. Gero karrera amaitu ondoren hasi nintzen marrazten gehiago eta enkarguak egiten. Orduan, lagun batek esan zidan master bat zegoela ilustrazio zientifikoarekin lotutakoa, eta niretzat eginda zegoela.
Aurrera egin nuen eta sekulako aldaketa izan zen. Profesionalizatzeko balio izan zidala esan daiteke. Geroztik hainbat alor jorratzen ditut eta arkitektonikoa bai dela nirea dena, baina gehienbat aldundiarentzat egiten dut lan, eta beraiekin museotarako infografiak egiten ditut batik bat.
Ilustrazio arkitektonikoa duzu kutunen.
Bai, egia da espezializatu naizela arkeologia eta paleontologian. Baina nire esti- lotik hurbilen daudenak direlako eta arkitekturan ikasitako kontzeptu horiek guztiak erabiltzen ditudalako. Errazago egiten zait arkeologoekin hitz egitea, edo berreraikuntzak egitea. Askotan arkeologoekin joaten naiz hondakinak ikustera, eta momentuan bertan zirriborro bat egiten diet. Haientzat erosoagoa da, eta nik ikasi egiten dut. Hori da hoberena, ilustrazio zientifikoarekin ikasten dudala.
Zarauzko Arkami galerian zure lanaren erakusketa izango da ikusgai gaurtik.
Gerturatzen direnek arkitektura arloa topatuko dute. Behin Hondarribian egin nuen erakusketa txiki bat, baina oraingoa izango da lehenengo aldia ahalko direla ikusi laminak hurbiletik. Ilusioa egiten dit, nire lanek detaile asko dituztelako eta tintaz egin ohi ditudalako. Orduan, hori dena webgunera igotzen dudanean edo digitalki ikusten direnean, asko galtzen dute. Gainera, urrutitik begiratu ohi dira. Hurbiletik ikusi ahal izatea eta bilbe hori guztia ikusi ahal izatea jendeak eskertuko du.
Oro har, Gipuzkoako hainbat leku egongo dira erakusgai. Hainbat lan dira aukeratutakoak eta originalen bat ere jarriko dut. Lehenengo aldia da originalak jartzen ditudala erakusketa batean.
Gipuzkoa ezagutzen proiektua crowdfunding bidez sortu zenuten, eta oraindik horretan lanean jarraitzen baduzue ere, Arkamin egongo dira lamina batzuk.
Hori da, oraindik lanean nabilen Gipuzkoa ezagutzen proiektuko bi lamina ere egongo dira, jendeak ikus ditzan xehetasunak, baita nire azkeneko lanak direlako ere. Ezagutzen ditugun lekuak dira, baina ez garenak begiratzen jarri. Gipuzkoa ezagutzen proiektuarekin hasi ginenean edonork zein kale ilustratu proposa zezakeen, eta hor istorioak eta historia biltzen hasi ginen. ‘Aizu bada nik hemen jolasten nuen txikitan eta hau horrela zen’ eta horrelakoak jaso genituen. Laminek daukaten beste zera polit bat da oroitzapenak etortzen direla. Aitzakia bat da jendearentzat hitz egiteko. Horren ildora enkarguak egin izan dizkidate.
Laminen azpiko testuak Hondarribiko gida den Pio Alkainek egin ditu. Proiektuarekin bukatzen dugunean beste erakusketa bat egin nahi dugu Gipuzkoa ezagutzen aurkezteko.