Aberri Egunera joateko deia zabaldu du EH Bilduk
Iruñean ospatuko du EH Bilduk hilaren 17an Aberri Eguna. Autobusak antolatu dituzte hara joateko, eta izena eman daiteke dagoeneko.
Aberri Egunaren atarian, EH Bilduk Iruñean egingo duten ospakizunera joateko deia egin du: hilaren 17an izango da. Irundik autobusa antolatu dute, eta dagoeneko izena eman daiteke irun[abildua]ehbildu.eus helbidera idatzita. Egun horretan, 10:00etan irtengo da autobusa lehengoko Biseratik.
EH Bilduk gogorarazi duenez, aurten 500 urte beteko dira, Amaiurreko gudatik, eta 90 urte, berriz, lehen Aberri Eguna ospatu zenetik. Koalizioaren arabera, egun horretan “bakea, demokrazia eta burujabetza” aldarrikatu dituzte.
Era berean, “iraganari etorkizuna” bilatu nahi diotela gaineratu du, eta ildo horretatik, “subiranotasuna, askatasuna eta berdintasuna” eskatuko dituztela, euskal herritarrek euren etorkizuna erabaki nahi dutelako.
Pandemiari ere egin diote keinu, eta desberdintasun sozial guztiak agerian utzi dituela adierazi dute, horren aurrean, “eredu politiko-sozial, ekonomiko eta kultural herritarra” aldarrikatuko duela.
Azkenik, irundar subiranista eta independentista guztiei dei egin diete parte hartzeko.