'Loratu Herria'-ri esker, inguruko biodibertsitateaz gehiago ikasi ahalko dute
Hiru belardi egokitu dituzte Talaia, Ama Guadalupekoa eta Egiluze ikastetxeetako ikasleek herriko flora eta faunaz ikertu dezaten. Horretarako, 'belardiak aztertzen' ikasgaia baliatuko dute irakasleek eta EHU-ko espezializatuek.
San Marko lorategietan bi lursail txiki hesitu dituzte, eta beste bat Talaia ikastetxean, Loratu Herria proiektuaren baitan. Helburua, hiru ikastetxeetako ikasleek herriko ekosisteman modu naturalean hazten diren flora eta faunaren espezie ezberdinak hazi, mantendu eta aztertu ahal izatea da.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren, EHUren, ikastetxeen eta hainbat udalen arteko lankidetzatik sortu den dinamika da, eta gaur egun, herrialdeko ia 60 eskola parte hartzen ari dira. Gaurko aurkezpenean Juan Luis Silanes Ingurumen eta Hezkuntza zinegotzia izan da bertan, Ama Guadalupekoa eta Egiluze ikastetxeetako ikasleekin batera.
Baliabide horren bidez “ikasleek bertako biodibertsitateari buruz in situ ikasi ahal izango” dutela azaldu du Silanesek, “gizakiaren esku-hartzerik ez duen ekosistema txiki baten hazkunde eta bilakaera prozesua aztertuko dute”.
Horretarako, baliabide berri horrez gain, 2030eko Eskola Agenda baliatuko dute, zehazki, belardien azterketa ikasgaian jorratuko dute inguruko biodibertsitatea. Gainera, EHUko profesional espezializatuek saio teoriko bat prestatuko dute irakasleei eta ikastetxeei arloan trebatzeko, eta jarraian, belardietara gerturatuko dira ezaguera aplikatzeko.