Mendibil auzoa hobetzeko neurriak eskatu ditu EAJk
Zonaldearen egoera aztertzea beharrezkotzat jo dute jeltzaleek, hala nola, puntu beltzak, argiteria eta oinezkoentzako guneak ikusteko.
Mendibil auzoa hobetzeko premia ikusi du EAJk, eta joan den otsailaren 1ean 2022ko aurrekontuan auzoen hobekuntzara zuzendutako zenbait neurri proposatu zituen, tartean, Mendibil. Proposamena atzera bota zuen, ordea, udal gobernuak, baina berriro ekiteko prest azaldu dira jeltzaleak.
EAJren arabera, malda handiko auzoa da, eta espaloi estuak dira, eta horrek irisgarritasun arazoak sortzen dituela nabarmendu du, gazteen, helduen eta batik bat adinekoei. Gainera, Mendibil parkea (haurreskola eta kontserbatorioarekin) bertan dela gogorarazi du, eta aisialdirako nahiz topaketarako gunea dela. Adinekoen egoitza ere eremu horretan dagoela zehaztu du.
Egoera horren aurrean, zonaldeko egoera aztertzea beharrezkotzat jo du, eta besteak beste, argiteria, puntu beltzak eta trafikoaren norbaide aldaketak izan direnez, oinezkoentzako guneen egoera zein den jakiteko beharra ikusi du.
Bizilagunekin ere elkartu da EAJ, eta udalak duela gutxi auzoan egindako jarduerak ez dituztela nahikotzat jo azaldu du, eta, ildo horretatik, udalak auzo osoa berrurbanizatzeko proiektu baten idazketa kontratatu beharko lukeela gaineratu du.
Komun publikoa
Aisialdirako gunea dela kontuan hartuta, eremu horretan komun publiko bat behar dela iritzi dio EAJk. Hain zuzen, datorren hilabetean amaituko da udaleko komun publikoen errendamendu kontratua, eta hurrengo esleipenera begira, auzorako komun bat baldintzen pleguetan sartzeko eskatu dute jeltzaleek.
“Irunek bertako auzoek eta pertsonek beren eskaerak entzun eta hauei erantzutea behar dute, are gehiago hain beharrezkoak direnean”, ondorioztatu dute.