[Elkarrizketa] "Berriro sortzen dugunez, ez dakizu non hasten den zurea"
Musika Eskola ondoan elkartuta, zeharkako txirula entzuten da eta Frankoren irudimenari kea dario: "Hamelingo txirularia! Zaude! Ez dugu elkarrizketa bukatu!". Bitartean, berriro sortzeaz eta ipuin kontalaritzaz aritu da.
Ipuinak, zuk sortutakoak nahiz beste batek sortutakoak kontatzen dituzu.
Normalean aurretik idatzitakoak hartzen ditut erosoena hori delako, baina bestela idatzi ere egiten dut tarteka. Ez nuke esango erdia eta erdia egiten dudanik, gehiago izaten baita hartzea nik idaztea baino. Berriro sortzen dugunez ez dakizu non hasten den zurea eta bestearena. Herri ipuinak dira askotan hartzen ditudanak, hau da, egilerik ez dutenak, eta egia da askatasun gehiago daukagula nahi duguna egiteko eta hondatzeko ere. Egilea haserretu gabe, noski.
Non ibiltzen zara herri kontakizunen bila?
Batik bat liburuetan edo bestela hanhemenka. Norbait zerbait kontatzen ari bada belarria hortxe edukitzen dut adi. Etxetik ere badatorkit. Gure amak askotan kontatzen zizkigun ipuinak lotarako orduan batez ere. Baina bera ez da euskalduna, Toledon jaio zen, eta Gaztela aldeko istorioak-eta jaso genituen txikitan, eta aitak pasadizoak eta horrelakoak kontatzen zizkigun. Bera hondarribiarra zen.
Arrain guztiekin aritzen zara igerian, umeak, haurrak edota helduak. Berdin egiten da igeri?
Niri esan izan didate oso antzera kontatzen dudala, ez dakit horrek esan nahi duen helduei umeei bezala kontatzen diedala, edo umeei helduei bezala. Ez dut uste hori denik. Estilo kontua da, kontalari bakoitzak bere estiloa dauka, baina hortaz gain esan nahi dudana da nire ustez aldatzen den gauza bakarra gaia dela. Are gehiago. Nik uste nire saioen egitura oso berdintsua dela denentzat. Hau opari bat da. Normalean hiru istorio kontatzen ditut. Lehenengoa izaten da ipuin komiko bat, uste dudalako barrearekin publikoa erakarri egiten duzula. Barrearekin gauza asko lortzen direla uste dut, muga asko hausten dira. Behin horrekin bukatuta, eta lortu baduzu, bigarrena beldurrezko istorio bat izatea gustatzen zait. Azkenekorako parodia bat aukeratzen dut. Horretarako laguntzaile bat edo beste ate- ratzen dut, betiere inor behartu gabe.
Ipuin pertsonalizatuak ere idazten dituzu. Horretan jarraitzen duzu?
Tarteka bai. Ni bezalako emakume bat etorri zen nire saio batera eta bukaeran truke bat proposatu zidan. Webgune bat sortzen zebilen Itxaro Mendizabal, guraso, hezitzaile eta irakasleentzako zena. Esan zidan gustatuko litzaiokeela parte hartzea norbaitek prest zegoena ipuin pertsonalizatuak idazteko. Hau da, bere ideia izan zen. Trukean, oraindik Interneten dagoen nire orrialde pertsonala egin zuen. Opari dinamika da proposatzen dudana, hau da, hamar galdera erantzun behar ditu ipuina eskatzen duenak, eta horien erantzunek oparia eman nahi dionari buruzkoak izan behar dute. Egia da oso ipuin bereziak sortu izan zirela, gauza arruntetatik hasi eta hildako batzuk omentzeko idazten bukatuz. Beste batek oraindik jaio ez zen bere haurrari idazteko eskatu zidan; zein informazio daukazu hor? Oso eskaera anitzak izaten dira, eta beti ateratzen da zer edo zer.