[Elkarrizketa] "Ni ez naiz terapeuta. Nire lana da gehiago erreparatzea"
CBA liburutegian nerabeentzako autozaintza tailerrak ematen ditu beasaindarrak larunbat goizetan. Yoga eta antzerkia uztartzen ditu saioetan, baina beti gazteek esaten dutenari erreparatuz.
Larunbat goizetan nerabeentzako autoezagutza tailerrak ematen dituzu Irungo CBA liburutegian. Diziplina asko landu dituzu bizitzan zehar. Zertan datza eta zeintzuk uztartu dituzu?
Kazetaritzan hasi nintzen, eta aldi berean antzerkian eta interpretazio munduan nabil. Nire afizioetako bat yoga zenez, ordea, yoga egiten dut. Horren gaineko formazioa egin nuen, batez ere gustatzen zitzaidalako, eta momentu batean yogak indar handia hartu zuen nire bizitzan, baita meditazioak ere. Baina interpretatzea, kontatzea ikaragarri gustatzen zait. Orduan, orain egiten dudan lana da nik landutako diziplina desberdin horiek batu, uztartu, eta zertan lagun dezakedan galdetzea.
Nerabeekin bi orduko saioak antolatzen ditugu larunbat goizetan. Lehenengo ordua izaten da kontzientzia hartzea
gorputzarekiko, eta pixka bat barrura begira jarri. Arnasketari erreparatu, arnasketa kontzienteagoak egin, yogako ariketak egin gorputza lantzeko; gorputzak mugimendua behar du, baina bihotzak eta buruak lasaitasuna behar dute. Horretarako, isiltasunari lekua egiten diogu, erlaxazio ariketak egin, bisualizazioak… baina barrura begira. Beraz, lehenengo zatian yoga eta meditazioarekin zerikusia duten ariketak egiten ditugu, autoezagutzarako erremintak direlako.
Bigarren ordurako gai bat ekartzen dut, eta horren gaineko galderak egiten ditugu. Nahi duenak bere koadernoan apuntatzen ditu, beretzako; eta partekatu nahi duenak, partekatu egiten du. Hortik abiatuta egiten ditugu inprobisazioak. Demagun gaietako bat honakoa izan daitekeela: Ondo lo egiten duzu? Nola egiten duzu? Mugikorrarekin egoten zara?. Jatearen gainean ere hitz egin izan dugu. Dena den, kontua ez da ni erantzutea. Nik egiten dizkiet galderak eta beraiek nahi baldin badute euren iritzia partekatzen dute, eta ez badute nahi, ez. Hori oso garrantzitsua da. Ondoren, horren gaineko inprobisazioak egiten ditugu. Baina beraiek ateratzen dituzte erantzunak. Normalean dinamika hori izaten da. Orain azken txanpan gaude.
Hiru partetan banatu duzu tailerra: eskertasuna, entzumena eta espresioa.
Lehenengo zatian kontua da pixka bat barrura begira jartzea, eta horretarako eskertzea da gaietako bat. Lan proposamen bat dela esan daiteke. Fase horretan mindfulness-eko teknikak erabiltzen ditugu. Horren harira, eskertzearen atalean, ea zer daukagun eskertzeko galdetuta askotan kaka zaharra esaten dute, eta ni saiatzen naiz osasuna dutela, elikagaiak dituztela eta beste gai asko azaleratzen. Gaietako bat hori da.
Bestalde, ipuin kontalaritzan ere aritutakoa naiz. Horregatik beraien anekdota bat, edo beraien txikitako zerbait kontatzeko esaten diet, ipuin bezala. Besteek entzuten dute; ikasten dute entzuten, hau da, entzuteari garrantzia ematen diogu. Eta orain azken txanpa honetan, eskatu nien denen artean istorio bat asmatzeko, eta sei parte dituen bat sortu dute. Sei zati horietan akzioak zehaztu ditugu, eta orain ari gara inprobisazioaren bitartez sekuentziak osatzen. Oraingoan bukaera horrela izango da.
Borondatez izena ematen dute. Zein jarrerarekin etortzen dira nerabeak?
Gogoz etortzen dira. Hori da egia. Izan ere, larunbat goiza da eta inork ez ditu behartzen. Agian beste gazte batzuk balletera edo igeriketara joan behar dute, eta orduan bai daudela etxetik derrigortuta, baina kasu honetan ez. Pila bat gustatzen zait egiten ari garen lana, eta oso eskertuta nago CBA liburutegiari eta zuzendariari hain justu. Zuzendariak aukera hau eman zigun eta horregatik eskertu nahi dut, ez delako ohikoa nerabeei horrelako tailerrak eskaintzea. Ausarta izan da, eta ni oso pozik nago egiten ari garen lanarekin.
Nerabeak dira eta etortzen dira haien kaskoekin, beraien musikarekin, eta berehala hasten dira hitz egiten… Askotan esan behar diezu ea, mesedez, etorri hona, arreta jarri; hala ere uste dut gogoz etortzen direla. Denok bezala beraiek ere arazoak dituzte.
Horrez gain, eskolaz kanpoko ekintza bat da.
Nire ustez garrantzitsua da hori, askotan gertatzen zaielako eskolan rol guztiak ezarrita dituztela. Hemen aukera berriak sortzen dira, aukera berriak dituzte, eta ez dute izan behar eskolan ezarri dieten rolekoak. Hori ahazten dute. Hainbat aukera dituzte, eta gainera, eskola desberdinetako jendea dator. Hori oso interesgarria da.
Azkenean lortzen duzu haiek hain sartuta dauden dinamiketatik aldentzea, eta tailerrean murgiltzea?
Niretzat garrantzitsua da motibazio edo ilusio hori sortzea. Beraiek ematen dizkidate pautak, eta nik ikusten baldin badut manga asko gustatzen zaiela eta batek horri buruzko kamiseta bat ekarri badu, hortik tiratuko dut; galdetzen diet ea nola mugituko litzatekeen mangako pertsonaia hori, haiengana hurbiltzeko. Askotan kontua da gaia erabiltzea eta beraiekin gauzak asmatzen joatea. Adibidez, yogako ariketa asko, gorputza aktibatzekoak direnak, beraiekin egiten ditut, eta esaten diet gure gorputza ibilgailu bat dela. Galdetzen diet: Zein ibilgailu izango zinateke?. Orduan batek esaten du, suziri bat. Eta asmatzen joaten gara. Parte har dezaten saiatzen naiz, motibatuak egoteko. Ibilgailu horrek zein erregai erabiltzen du? Txokolatea. Orain gorputza denboraren makina bat dela asmatu dute eta iraganera eta etorkizunera mugitzen dira. Kasu horretan egin ditzakegu yogako asana batzuk. Esan nahi dut: edozein proposamenen aurrean zer behar den ikusten dugu, eta batzuetan arnasa landu behar badugu, horretara jartzen gara. Galderak eginez inplikatzen ditut. Egia da taldeak murriztuak direla, hemen ez ditugu 35 pertsona, eta orduan horrek dena asko aldatzen du. COVID-19 garaian holtz tolesgarriak erosi zituzten talde-burbuilak egiteko, eta horiek bertan uzteko eskatu nuen, antzerkietako sarrera eta irteera antzekoak egiteko. Espazioak mugatzeko oso ondo etortzen dira gisa horretako baliabideak.
Beraz, gorputzaz gain, espazioak ere badu bere garrantzia.
Bai, etengabe. Orain, adibidez [larunbatean egin zen elkarrizketa], egingo dugu dinamika bat aretoaren alde batean, izkina batean ariketak egingo dituzte, eta beste espazioa batzuk hutsik utziko ditugu.
Euskaraz egiten dituzu saioak?
Ia dena gaztelaniaz egiten dugu. Etortzen direnek euskararekin arazoak dituzte, baina gauzak euskaraz esaten saiatzen naiz. Batez ere lehenengo partean, yogarekin zerikusia duen horretan. Errepikatzen diren agindu horiek euskaraz egiten dizkiet. Baina dinamika batik bat gaztelaniaz da, datozenek apenas egiten dutelako euskaraz. Askotariko jatorria duen jendea etortzen da tailerrera, eta horrek aipamena merezi duela uste dut.
Kulturak badu zerikusia autoezagutzaren eraikuntzan, ezta? Gorputzak sexualizatuta daude eta horren gainean ezberdintasunak topa daitezke.
Hori da. Kontu handiz ibiltzen naiz. Beti galderak proposatzen dizkiet, eta entzuten dut haiek zer erantzuten duten. Beraiek ematen dutenera arte iristen naiz, ez naiz sartzen badaezpada beste gai batzuetan. Ez naiz terapeuta. Nire lana da gehiago haiek esandakoari erreparatzea, eta gonbidatzea autozaintza bat egitera. Gure gorputzaz jabetu, gure gorputza maitatu den moduan. Gauza horiek gazteen artean esnarazten ibiltzen naiz.
Uste duzu beraien buruan arreta jartzeko gaitasuna garatua dutela?
Bai. Gainera asko flipatu izan dut. Prestatu izan ditut ariketak meditaziorako, eta pentsatu izan dut ea ariketa horien emaitza zein izan zitekeen. Harritu egin izan naiz zeinen ondo erantzuten duten. Egia da ariketa horiek egitea asko kostatzen zaien gazte eta nerabeak badaudela, eta begiak ixtea ere kostatzen zaiela egia da. Noski, barrura begira jartzen zara, eta agian barruan dagoena ez zaizu gustatzen, eta ezin duzu begiratu. Edo sentitzen duzu kontrola galtzen duzula. Badago jendea barnera begirako ariketa horiek egitea asko kostatzen zaiena, eta horiek denbora luzez ez egiten saiatzen naiz. Baina batzuetan bai harritu naizela.
Uste duzu autoezagutza berdin garatzen dela adinekoen artea edo nerabeetan? Lanketa ezberdina egin behar al da?
Bizitza den bidaia honetan etengabe aldaketak daude, dena da ziklikoa. Lehen haurra zinen, orain nerabe, eta beti dago zer ikasi. Ikusi behar dena da berdin duela haur edo heldu izan. Egia da autoezagutzarako tailerrak ez dizkiedala modu berberan ematen helduei eta gazteei. Nerabeak gehiago entzuten ditut. Kontua da zu non kokatzen zaren, eta nondik ikusten duzun pasatzen ari zaizun hori guztia. Baina bai, pixka bat ezberdina da adinekoekin edo gazteekin lan egitea.