Elkarretaratzera deitu du harrera sareak, "Bidasoa izenik gabekoen ibaia izan ez dadin"
Ekidin zitekeen heriotza dela salatu du Irungo Harrera Sareak, eta denbora luzez daramala ohartarazten horrelako drama bat gerta zitekeela.
Irungo Harrera Sareak elkarretaratzera deitu ditu herritarrak bihar, 12:00etan, San Juan plazan. Joan den asteazkenean Bidasoa ibaian migrante baten gorpua aurkitzeak eraman du sarea protesta antolatzera. “Ekidin zitekeen heriotza” dela salatu du harrera sareak, eta denbora luzea daramala ohartarazten horrelako drama bat gerta zitekeela.
Oraindik agintariek ez dute gorpua norena den jakinarazi, baina zantzu guztien arabera, joan den martxoaren 12an Bidasoa ibaia gurutzatzen ari zela desagertu zen Ibrahim Diallo gazte senegaldarrarena da.
Irungo Harrera Sareak ez du Bidasoa izenik gabekoen ibaia izaterik nahi. Ildo horretatik, gogorarazi du urtebete pasatu dela iazko apirilaren 19an Tesffiten heriotzaren berri izan zutenetik, bera izanik lehena, eta orduan esan bezala, harrera sareak ez duela inor “mamu” bilakatzen utzi nahi berretsi du. Hala, “izen eta abizenak” nahi dituela esan du, “familien eta lagunen eskubideen defentsan, haien duintasunarengatik eta dolua pasatu ahal dezaten”. Horrez gain, gorpua aberriratu eta haren gertuko eta familiarentako erraztasunak eskatu ditu.
Bestalde, denentzat giza korridoreak eta bide seguruak galdegin ditu Irungo Harrera Sareak: “Ikusi dugu, zorionez, errefuxiatuei baliabideak jartzeko azkartasuna erakutsi dutela euskal erakundeek”. Aldi berean, ordea, “Ukrainatik nahiz Afrikatik datozen pertsonei harrera duina handitzean tematzea” nahi du harrera sareak. Europako Batasunean, 2000. urteaz geroztik legezko tresna bat dagoela gogorarazi du, eta bitartekoak badaudela iritzi dio.
Horrekin batera, Irun eta Hendaia arteko polizia kontrol arrazistekin amaitu behar dela gaineratu du, “bide ez seguruak hartzeko arrazoi nagusienetako bat da”.
Azkenik, herritar guztiak animatu ditu protestara, “heriotza hau ez delako ustekabekoa, familiari aberriratze prozesua errazteko eta migrazio bide seguruen defentsan”.