EH Bildu: "Ez dira ausaz emandako heriotzak"
EH Bilduk gogorarazi du dagoeneko zortzi direla Euskal Herria zeharkatzen hil diren pertsonak, eta Frantzia nahiz Espainiaren migrazio politiken ondorio direla esan du.

Joan den asteazkenean Bidasoa ibaian aurkitutako gorpua dela eta, EH Bilduk “samin eta gaitzespenik sakonena” agertu du, “ekidin zitekeen heriotza honen aurrean”. Hasiera batean, Ibrahim Diallo martxoaren 12an desagertu zen gazte senegaldarraren gorpua dela esan du EH Bilduk, baina zuzenketa batean baieztapen ofizialik ez dagoela zehaztu du.
Euskal Herria zeharkatu nahian zortzi lagun hil direla gogorarazi du EH Bilduk: lau lagun, Bidasoa ibaian, beste hiru Baionara bidean trenak harrapatuta, eta beste bat bere buruaz beste eginda. Koalizioaren arabera, heriotza horiek ez dira “ausaz” eman, “Europako Batasunarekin batera Frantzia eta Espainiako estatuek indarrean darabilten politika migratorioen ondorio dira”. Hala, mugak itxi, kontrol arrazistak ezarri eta migratu nahi duten pertsonak jazartzen dituztela aipatu du. Neurri horien ondorioz, geroz eta pertsona gehiago bultzatzen dituztela uste du euren bizitza arriskuan jartzera.
“Estatuek gure herriari inposatutako muga hau pertsona orok libreki mugitzeko duen eskubidea ukatzeari utz dezaten eskatzeko garaia da”, gaineratu du EH Bilduk. Zentzu horretan, korridore humanitarioak eskatu ditu, pertsona migrante nahiz errefuxiatuen segurtasuna bermatua egon dadin.
Bestalde, euskal instituzioek “hitzetatik ekintzetara” pasatzeko unea dela iritzi dio, eta estatuen gelditasuna ikusita, bide seguruak ezartzeko ahalbidetuko duen konpetentziak eskuratzearen alde lan egin behar dutela.
Azkenik, doluminak eman dizkio familiari eta heriotza salatzeko antolatzen diren mobilizazio guztietan parte hartzeko deia zabaldu du.