Santanok migrazio politiketan irtenbideak eskatu ditu berriro
Bidasoa ibaian aurkitutako hilotza dela eta, "tristura eta samina" adierazi du alkateak, eta korridore humanitario seguruen alde egin du.
Atzo arratsaldean Bidasoa ibaian aurkitutako hilotza dela eta, Jose Antonio Santano alkateak “tristura eta min sakona” azaldu du, eta “muga igaro nahian, tragedian amaitzen den beste kasu baten aurrean” daudela adierazi du.
Irungo Udalak ez du baieztatu joan den martxoaren 12an beste bi migranterekin batera ibaia gurutzatzen saiatu zen Ibrahim Diallo gazte senegaldarraren gorpua denik, baina hala izan daitekeela uste du.
Bidasoa ibaian, laugarrenez errepikatzen den “giza drama” dela gogorarazi du Santanok, eta, zentzu horretan, “migrazio politiketan irtenbideak” eskatu ditu, eta korridore humanitario seguruen alde egin du, “baita mugan ere”.
Horrez gain, udalaren esku dauden baliabide guztiak eskaini dizkie hildako gaztearen senide eta lagunei, baita “babesa, elkartasuna eta maitasuna” ere.