Elkarrekin Podemos IU: "Hau Europako migrazio politiken emaitza da"
Bidasoa ibaian agertutako gorpuaren aurrean, heriotza deitoratu du koalizioak, eta zirkulazio bide seguruak eskatu ditu migratzaile guztientzat.
Elkarrekin Podemos IUk Bidasoa ibaian agertu den gorpua dela eta, heriotza hori deitoratu du, eta oraindik baieztatu ez bada ere, duela hiru aste desagertu zen Ibrahim Diallorena izan daitekeela esan du, eta familiari doluminak eman dizkio. “Heriotza berri hori azken aldian, Bidasoa ibaian gertatutakoei gehitu behar zaie, Frantziako agintarien Hendaiako muga blokeatu ondoren”, adierazi du koalizioak.
David Nuño Irungo Gizarte Ongizateko ordezkariaren esanetan, “Europako migrazio politiken emaitza” da, eta migratzaile guztientzat “zirkulazio bide seguruak” eskatu ditu. Nuñok gogorarazi duenez, “geroz eta intentsitate handiagoz” bizitzen ari da hiria iragaitzazko migrazioaren errealitatea. Pertsona horiek Frantzia, Alemania edo Britainia Handirako bidean, egun batzuk pasatu behar izan dituzte Irunen, Frantziako poliziaren mugako kontrolak direla eta: “Onartezina da, pertsona batzuek bizitza jokoan bjarri behar izatea etorkizun hobe baten bila”.
Frantziako agintariak egin ditu “kontrol arrazisten” erantzule, eta “presioa” egiten jarraituko dutela berretsi du “Frantzia nahiz Europako agintariek erantzukizunez jokatu dezaten”