38. Eliz Musikaldia, asteburu honetan eta hurrengoan
Eskifaia Abesbatzak antolatu du zikloa, eta urtero bezala, Jasokunde eta Sagarrondoko Andre Mariaren elizan ariko dira kantuan.
Asteburu honetan eta datorrenean Hondarribiko Eliz Musikaldia egingo dute hogei eta hemezortzigarren aldiz. Euskadiko Eliz musika ziklo beteranoena da, eta Euskal Herri mailan maila gorenean dagoela azaldu du udalak.
Eskifaia Abesbatzak antolatu du oraingoan ere, Hondarribiko Elizaren eta udalaren elkarlanarekin. Gainera, Laboral Kutxa eta Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak lagundu diela jakinarazi dute. Juan Luis Silanes Kultura zinegotzia eta Juan Ignacio Aristizabal Eskifaiako kideak eman dituzte xehetasunak gaur.
Kontzertu guztiak Alde Zaharreko Jasokunde eta Sagarrondoko Andre Mariaren elizan egingo dituzte, arratsaldeko 20:00etan hasita. Saio hauek apirilaren 2,3,9 eta 10ean izango dira, eta sarrera doakoa izango da.
Lehenengo larunbatean Hodeiertz Abesbatza eta Xatz Eskifaia Abesbatzak abestuko dute. Horrez gain, igandean Suhar gizon koruaren hotsek hartuko dute eliza. Apirilaren 9an Vocalia emakumeen abesbatza ariko da, eta hurrengo egunean zikloa ixteaz Eskifaia arduratuko da.
Azkenik, Silanesek eskerrak eman dizkio Eskifaiari 38 urtez kalitatezko ziklo bat egiteko gaitasuna izateagatik. “Lan asko dago atzetik, eta horregatik dei egin nahiko nieke herritarrei eta kanpokoei ere, hurbil daitezen eliz musika bikainaz gozatzeko aukera paregabea da-eta. Eremu itxian izango dira emanaldiak, beraz musukoak ezinbestekoak izango dira”.