Alardearen gatazka bukatzeko hitz egitearen alde egin du Guztion Alardeak: "Aurrean dugun bizilagunaren, lankidearen, lagunaren edota senidearen mina entzun, ulertu eta errespetatu beharra dago".
Aurten Alardea egingo dela aurreikusi daitekeenez, hausnarketa egin du Guztion Alardeak, “konponbidearen aldeko mezua inoiz baino ozenago entzun beharra” dagoelako. Hori dela eta, Hitz eginez ulertuz kanpaina abiatu dute, eta etxeetara gutun bat bidali dute horri buruz informatuz.
Bi urteko geldialdia eta gero “tristea” izango litzatekeela azken 26 urteetan izandako liskar eta ezinikusiak errepikatzea diote. Ildo horretan, gatazkarik gabeko Alardea lehen aldiz ezagutzeko “irrikitan” daudela adierazi du taldeak. “Ez al dugu merezi denok gustura biziko dugun Alarde bat ospatzea?”.
Gatazka bukatze aldera herritarrak elkar entzuten hasi beharko liratekeela uste dute. “Aurrean dugun bizilagunaren, lankidearen, lagunaren edota senidearen mina entzun, ulertu eta errespetatu beharra dago; aurrera egiteko ez dago besterik”. Bada, horregatik sortu dute martxan dagoen kanpaina.
Taldeak adierazi du denen ardura dela datozen urteetako Alardea nola nahi duten izatea adostea, “bereziki gure ohitura zaharra hurrengo belaunaldiei osasuntsu uzteko”. Hori horrela, galtzailerik gabeko historiaren alde egiten dute; denen ideiak aintzat hartuta Hondarribia eta Alardea garaile aterako direla ziur azaldu dute.