Talentu berritzailea aitortu dute Irun Ekintzan sariek
Aurtengo saridunak Moov Drives Technology, Suministros Jaizkibel, Javier Agirre Herror eta Uvesco izan dira.
Pandemiaren etenaldiaren ondoren, atzo Irun Ekintzan sarien gala egin zuten, Ficoban. Sari horiek tokiko enpresa ekimenei aitortza egin nahi die, batik bat ekoizpen prozesuetan neurri berritzaileak aplikatzeko egiten duten ahalegina.
Aurtengo irabazleak Moov Drives Technology, Suministros Jaizkibel, Javier Agirre Herrero eta Uvesco taldea izan dira. Moov Drives Technology 20 langiletik beherako enpresen alorrean saritu dute, eta berrikuntzaz gain, nazioartekotze eta gizarte erantzunkizunari egindako ekarpena hartu dute aintzat. 4.000 euroko saria eskuratu du. Trakzio elektronikoko sistemak diseinatu eta fabrikatzen dituzte.
Suministro Jaizkibel, berriz, zerbitzu enpresen alorrean saritu dute. Sektore tradizional bati lotuta egon arren, berrikuntza ez teknologikoaren balioa nabarmendu du epaimahaiak. 4.000 euroko saria irabazi du burdindegiko gaiak eta industria hornidurak saltzen dituen enpresak.
Ideia berritzailearen Irun Ekintzan saria, Javier Agirre Herrerorentzat izan da. Musikariek ahotsarekin azkarrago eta denbora errealean edozein lekutan konposatu ahal izateko proiektu bat aurkeztu du. 2.000 euroko saria eraman du.
Azkenik, 20tik gorako langileko enpresentzako saria Uvescok eraman du. Familia enpresa izanda, enpresa handi bihurtzeko egindako ibilbidea aitortu nahi izan diote.
Sari banaketan izan ziren Jose Antonio Santano Irungo alkatea eta Miguel Angel Paez Ekonomia eta Ogasun ordezkaria. Santanok irabazleak zoriontzeaz gain, pertsonak Irungo “kapital soziala” direla nabarmendu zuen, “hiri honetako mugimendu ekonomiko, sozial eta kulturalaren benetako sortzaileak, gure identitate ikur nagusia, Irunen beti zerbait gertatzen ari izatea lortzen duten pertsonak”.
Paezek, berriz, “made in Irun” talentua aipatu zuen: “·Enpresa horiek, Irunen bertan garatu nahi izateaz gain, prozesu berritzaileak aplikatuz hazten saiatzen dira, merkatuan nabarmendu ahal izateko”.