Poxpologile kalearen proiektua aurkeztu diete auzotarrei
Ekarpenak egiteko epea ireki dute. Proiektuak ingurua bere osotasunean berritzea ekarriko du; errepidea (norabide bakarra izango du), espaloiak eta zuhaitzak.
Joan den astelehenean aurkeztu zien udalak Dunboako auzotarrei Poxpologile kalea berrurbanizatzeko proiektua. Pandemia dela eta, proiektua hozkailuan egon bada ere, berriro martxan jarriko du udalak, eta helburua kalea eta ingurua goitik behera berritzea izango da. Modu horretara, espaloiak zabaldu, irisgarritasuan hobetu, landaketa berriak egin eta hornikuntza zerbitzuak berritu.
Behin proiektua aurkeztuta, orain auzotarren ekarpenak egiteko epea irekiko dute, apirilaren 10era bitartean. www.irun.org webgunean izango dute auzotarrek proiektuari buruzko informazio guztia.
Udalaren asmoa kalea berrantolatzea izango da. Proiektuan biltzen denez, ibilgailuek norabide bakarrean zirkulatu ahal izango dute, eta 5 metro zabaleko erraila egingo dute. Bi aldeetan ibilgailuek baterian aparkateko aukera izango dute. Horrez gain, espaloiak zabalduko dituzte, eta egungo mailak berdindu. Halaber, zuhaitzak berrituko dituzte, eta eite txikiko zuhaitzak landatuko dituzte, etxebizitzak hurbil daudelako.
Gainera, oinezkoentzako pasabide gehiago jarriko dituzte, eta goratuak, ibilgailuek abiadura moteldu dezaten. Espaloiak ere berriro zolatuko dira Nafarroa hiribidean dauden antzeko baldosak jarrita. Argiztapena ere berrituko dute LED teknologiako argiak jarrita. Saneamendu eta uren azpiegiturak ere berrituko dira.
Proiektuak 1,8 milioio euroko aurrekontua du.