Bidasoak ezin izan du GOG mendean hartu
EHF European Leagueko joaneko partidua 28-30 galdu du talde irundarrak. Bueltako partidua asteartean izango da, Gudmen, Danimarkan.
Bidasoak joaneko etxeko partida galdu du EHF European Leaguen GOG talde danimarkarraren kontra: 28-30. Nahiz eta bisitariak aurretik joan ziren markagailuan ia partida osoan zehar, pistako jokoan ez zen gauza bera islatu, eta jokoa berdinduta egon zen.
Hasieran, jaun eta jabe izan ziren bisitariak, eta hiru goleko errentari eutsi zioten bederatzigarren minutura arte (2-5 eta 3-6). Handik aurrera, irundarrak aldea murrizten joan ziren. Azkenean, atsedenaldira 12-13 iritsi ziren.
Bigarren zatia ere ildo beretik hasi arren, berehala berdindu zuen markagailua Bidasoak Julen Aginagalde, Victor Rodriguez eta Kauldi Odriozolaren golekin, 16-16. Bere estiloari eutsi zion etxeko taldeak, baina ohi baino arazo gehiago izan zituen atean. Aitzitik, GOG etengabe erantzuten aritu zen, eta 10 minuturen faltan hiru goleko errenta atera zien irundarrei: 22-25. Azkeneko minutuetan tartea murriztea lortu zuen Bidasoak. Azkenean, 28-30.
Bueltako partida datorren asteartean, apirilak 5, izango da Gudmen, Danimarkan, 18:45ean. Asobal ligako hurrengo partidua, berriz, Logroñoren kontra izango du bisitari gisa, larunbatean, 12:00etan.