Pirinioetako Bidearen aurkezpena egingo du Gure Eskuk Irunen
Jaizkibeldik Benasquera 300 menditik gora argiztatzea izango da erabakitze eskubidearen aldeko ekintzaren helburua, eta uztailaren 2an izango da.
Gure Eskuk dinamika berria martxan jarri du, Kataluniako beste plataforma batzuekin begira, udarari begira: Pirinioetako Bidea. Uztailaren 2an Pirinioetako 300 mendi argiztatu nahi dituzte Jaizkibeldik Benasquera, Higer lurmuturretik Creusera. 2014 eta 2018an egindako giza kate erraldoien gisako ekimena izango dela aurreratu dute antolatzaileek.
Irunen, datorren ostegunean, hilak 31, egingo dute aurkezpena, 19:00etan, Palmera Monteron. Herritar guztiei irekia egongo da, eta bertan, ekimenaren ezaugarri orokorrak aurkeztu eta eskualdean izango dituen berezitasunak azalduko dituzte.
Ekimen horrekin nazioarteko komunitatearen arreta bereganatu nahi dutela adierazi du Gure Eskuk, eta mezu argi bat bidali nahi dutela, “katalan eta euskal herritarrok libre eta burujabe” izan nahi dutela. Espainia eta Frantziako estatuek gatazka demokratiko bat eragin dutela esan dute, “erabakitzeko askatasuna ukatuz eta errepresioa erabiliz”.
Euskal Herriak eta Kataluniako borrokak partekatuak direla gogorarazi du Gure Eskuk, eta askatasunasunerainoko bidea ere partekatzearen alde egin du. Hala, Pirinietako Bidea ekimenaren atzean, ANC Assemblea Nacional Catalana, FEEC Federació d’ Entitats Exvursionistes de Catalunya eta Gure Esku daudela azaldu du.
Herri gogoa berpiztu
Uztailaren 2an, euskal herritarrek ehun gailurretik gora argiztatuko dituzten arren, helburua herri gogoa berpiztea dela azaldu du Gure Eskuk, “ehun gailur argiztatzea baino askoz garrantzitsuago izango da 200 herri aktibatzea”. Bidean, erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika indartu nahi dute, jende berria batu, taldeetan erreleboak eman eta sarea indartzeko”.
Zehazki, euskal herritarei 115 gailur egokitu zaizkie. Horiek gailur berde eta gorrietan banatu dituzte. Gailur berdeetan izen-ematea irekia izango da, ez dutelako aparteko zailtasunik eta gehienentzat irisgarriak direlako. Gorriak, berriz, mendizale trebatuentzat soilik izango direnez egokiak, izen-ematea mugatua izango da.
Ekimena iluntzean izango da, eta grabatu egingo dute. Paraleloki, egun horretan bertan herrietan ekintza sinboliko bat egingo dute, argiekin jokatuz eta Txoria txori abestuz.
Dagoeneko izen ematea irekita dago www.pirinioetakobidea.eus webgunean, 10 euro ordaindu beharko dira, 5 euro antolakuntza gastuei aurre egiteko eta beste 5 erreskateetako asegurua estaltzeko. Federatuta egonez gero, antolakuntzako 5 euroak bakarrik jarri beharko dira.
Webgunean datuak betetzearekin batera, gailur batzuk proposatuko ditu eskaera egin duenaren datuak aintzat hartuta, baina beste edozein gailur ere aukeratu ahal izango da. Mendizale trebatuek izena emateko pirinioetakobidea[abildua]gureeskudago.eus helbidera idatzi beharko dute.