Korrikari itxaroteko egitaraua osatu dute, hurrengo asteko larunbaterako
Era guztietako jardueretan parte hartzeko aukera egongo da, hala nola, haurrentzako tailerrak, gazteentzako ginkana eta denentzako musika.
Korrika Jaiaren egitaraua zabaldu dute Hondarribiko Udalak eta Blagan euskara elkarteak. Jada aditzera eman zuen AEK-k apirilaren 9 gauean, edota apirilaren 10 goizaldean –ulertu nahi den erara– pasako dela Korrika Hondarribitik; bada, ekimena iritsi aurretik begira osatu dute egitaraua.
Goizean, Arrantzale auzoan haurrentzako eskulanak egiteko aukera egongo da 11:00etatik 13:00era. Era berean, Santa Maria Madalena tailerra eskainiko da leku berean.
Arratsaldean 17:00etatik aurrera Gazte konkis ginkana antolatu dute, Arrantzale auzoan ere. Txiribuelta taldea arduratuko da jolasaz eta lehendik izen eman behar da lotura honetako txantiloian apirilaren 5a baino lehen.
Ondorengoak Korrika iritsi aurreko orduak izango dira, eta itxaronaldia samurtzeko Marmoka taldeak joko du Zumardian 19:00etan. Gero, 10 euroren truke afaltzeko aukera eskainiko dute; paella, postrea eta kafea dira menuaren parte. Jateko txartelak, Itxola, Txantxangorri eta Basquen eros daitezke apirilak 7 arte.
Azkenik, Skubi taldeak joko du 23:00etan Zumardian, eta jarraian, Korrika hirian sartuko da 01:30ak aldera.