Kontenporanea, maiatzaren 20tik 22ra
Arte garaikidearen topaketaren aurtengo gaia ekosistema enpatikoak dira, plaza leku atsegin bat izateko helburuarekin.
Kontenporanea 2022 arte garaikidearen topaketa martxan jarri du seigarrenez, Irungo Udalak. Aurten maiatzaren 20, 21 eta 22an izango da, eta gaia ekosistema enpatikoak izango da. Horren ideia da plazak leku atsegin bat izatea: “Topo egiteko leku bat, harrera egiteko, elkar zaintzeko, non afektuek, keinu emozionalek, oroitzapenek eta oroipen partekatuek duten garrantzia”.
Udalak gogorarazi duenez, jarduerak inguruko artista gazteek antolatuko dituzte, eta lurraldeko proiektu artistikoak plazaratzea eta partaideen arteko esperientziak elkatrukatzea duela helburu.
Aurtengo topaketaren antolakuntzan eskualdeko hiru gazte dabiltza: Ane Borreguero, Iratxe Aires eta Jone Pujana. Borreguero ekitaldiaren irudi gradikoa eta dokumentazio lanetan ari da; Aires, edukiaren programazio eta bitarketaritzan eta Pujana sareetako komunikazioaeta espazioaren diseinuan.
Programa osatzeko lanean dabiltza dagoeneko, eta behin osatutakoan egingo dute aurkezpen ofiziala. Zentzu horretan, nazioarteko deialdia zabaldu dute nork bere obra aurkez dezan. Adin eta diziplina guztietako artista indibidual eta kolektiboek parte har dezakete.
Proposamenak bidaltzeko epea apirilaren 24an bukatuko da, 00:00etan, eta kontenporanea@irun.org helbidera igorri beharko dira edo webguneko formularioa bete. Irudiak jpg edo pdf formatuan bidali beharko dira, eta aukeratutako obrak formatu handian inprimatuko dira, eta topaketaren egunean kalean jarriko dituzten zenbait euskarrietan instalatuko dira.