Aldundiari jarrera aldatzeko eskatu dio Eguzkik, Juan Thalamas Labandibar kaleko abiaduraren harira
Aldundiak Irungo Udalbatzaren erabakiari "entzungor" egin diola adierazi du talde ekologistak, abiadura 50 km/h-ra murriztuz, 30 km/h-ra beharrean.
Eguzki talde ekologistaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak “entzungor” egin dio joan den abenduan Irungo Udalbatzak Juan Thalamas Labandibar kalean abiadura 30 km/h-ra murrizteko egindako eskaerari. Udalbatzak ahobatez hartu zuen erabakia, Artiako Lagunak auzo elkarteak mozio bat aurkeztu ondoren. Adierazpenok Bidasoaldeko Lagunak taldeko kide den neurrian egin ditu Eguzkik.
Aldundiak abiaduraren muga 50 km/h-an jarri du kale horretan, eta ekologisten esanetan, “osoko bilkuraren erabakia gutxiesteaz gain, entzugor egin die zenbait gizarte eragileri”. Horri lotuta, 2030 Agendan jasotakoa, Garapen Jasangarrirako Helburuetan ezarritakoa eta Nazio Baten Erakundearen gomendioak aipatu ditu talde ekologistak.
Horrez gain, Juan Thalamas Labandibarren egoeraren berri eman du, eta egunero 25.000 ibilgailu pasatzen direla azaldu du, batzuk astunak eta karga arriskutsuekin, eta istripuak izan direla, hildakoak ere utziz.
Aldundiak “ahaleginak” egin behar dituela iritzi dio “administrazioen arteko lankidetza eta elkar ulertze giroa sortzeko”, are gehiago kasu honetan, adostasun politikoa eta gizarte eragileena “aho batekoa” denean.
Halaber, tamalgarria iruditu zaio aldundia “alde bakarretik” jardutea, eta lehenbailehen jarrera aldatzeko galdegin dio, “mugikortasuna seguru eta jasangarriaren aldeko apustu sendoa egin eta airearen kutsadura eta kutsadura akustiako murrizteko, 30 km/h-ko seinaleak instalatuz”.