Marlaxka Euskadiko Ohorezko mailan arituko da
Emaitza oso onak lortzen ari dira Marlaxkaren talde ezberdinak play offetan, eta nabarmenena talde nagusia maila gorenera igotzea izan da.
Ohorezko mailara igo direnetako batzuk, ezkerrean. Hondarribia Marlaxka A taldeak Ohorezko mailara, euskal xakearen goreneko mailara igotzea lortu du. Aurreko martxoaren 19an bukatu ziren jardunaldiak Hondarribian, eta Arrasateren aurka 1-3 galdu zuten arren, lehenagoko emaitzei esker eta Lehen B mailako Euskal liga erregularrean lortutakoari esker mailaz igo dira.
Horrez gain, Marlaxka B taldeak Gipuzkoako gorengoen mailara igotzeko bidean jarraitzen du play offak jokatzen. Legazpiko Santikutz B taldearen kontra aritu ziren azken aldian eta 2,5-1,5 irabazi zuten. Hortaz, seigarren postuan daude.
Aldiz, Marlaxka C taldea Gipuzkoako lehen mailan mantentzeko play offetan ari da, eta tamalez, Olan Arkitektura taldearen aurka galdu egin zuten, baina era berean, maila mantentzeko puntu garrantzitsuak bereganatu zituzten.
Bestalde, Marlaxka D taldea Gipuzkoako bigarren mailan irauteko play offa jokatzen ari da, eta azken partida galdu egin zuten Gross J-ren aurka. Elkarteak dio mantentzea baino partida gehien jokatzea dutela xede: “Talde honetako kideek irribarre batekin esan digute primeran pasatu dutela eta pozik daudela. Talde honek duen Marlaxkako Izpirituaren erakusgarri”.
Emaitza guztiak ikusgai daude elkartearen orrialdean.

