Eguerditik arratsaldera, trafiko aldaketak Euskal Herriko Itzuliarengatik
Autobus zerbitzuetan eragina izango du lasterketak, eta hainbat geltoki Sabin Arana kalera –Itxola parean– lekualdatuko dituzte.
Apirilaren 4an –datorren astelehena da– Euskal Herriko Itzulia hasiko da Hondarribitik. Lehen etapa hirian hasi eta bukatuko da, eta horren ondorioz, trafiko aldaketen berri emateko webgune bat aurkeztu du Maria Serrano Hiritarren Arretarako zinegotziak. Komunikazio kanpaina deitu dio ordezkariak martxan jarri dutenari; plataforma, etxebizitzetara helaraziko duten informazioa, eta “prentsan eta sare sozialetan kanpaina berezia”, hain zuzen ere.
Zinegotziak azaldu du trafiko aldaketa nagusiak 12:00etatik 18:00ak arte izango direla, nahiz eta aurretik ibilbidean zehar ezingo diren ibilgailuak aparkatuta egon.
Lurgorri, Higer bidea, Alde Zaharra eta Santiago kaleetan edukiko dute eragin nabarmenena aldaketek, errepidea guztiz moztuta egongo baita, ezin sartu ezta ezin atera ere. Zentzu horretan, inguru horietako ibilgailuak Ramon Iribarren, Minatera, Foru kalea, Sabin Arana, Biteri edota Zumardian aparkatzeko gomendioa egin du udalak.
Autobus zerbitzua ez da ohi moduan martxan arituko ezta ere, eta hainbat kaleetako autobus geltokiak ez dira erabilgarri egongo, hala nola, Donostia kaleko 26 eta 2, Foru kalea 3, Itsasargi 3, Bernat Etxepare eta Sabin Arana Ama Guadalupekoa. Zentralizatu egingo dituzte bien bitartean geltokiak Sabin Arana kalean, Itxolaren parean.
Serranok barkamena eskatu die aldez aurretik herritarrei “aldaketek beti ezinegonak sortzen” dituztela-eta; hala ere, nabarmendu du Itzulia “kirol proba handi bat” izango dela, eta Hondarribiaren nazioarteko proiekziorako asko lagunduko duela iritzi dio.