[Elkarrizketa] "Beti pentsatu izan dut dantzak jendearengan indar eraldatzailea duela"
Madrilen bizi da hondarribiarra. Dantzaria, irakaslea eta koreografoa izateaz gain, ekintzailea ere bada; Iker Karrera Konpainiaren eta Danza 180 akademiaren sortzailea da. Apirilaren 10ean, ‘No pleasure’ obra aurkeztuko du Donostian.
15 urte baino gehiagoko ibilbide profesionala du hondarribiarrak. 2021.urtean Gipuzkoako Dantza Profesional Elkarteak bere ibilbide artistikoa saritu zuen, XVIII. Dantza Saria eman ziotelako. Iker Karrera Konpainiaren lehen piezak, #7fm izenekoa, hainbat sari jaso ditu bertan eta nazioartean. Orain, No pleasure-ekin ari da biran.
No pleasure zure lan ausartena bezala definitzen duzu. Zertan ezberdintzen da beste lanarekiko?
#7fm bi dantzarik osatutako eta 13 minutuko iraupeneko pieza izan zen. No pleasure-n, berriz, sei dantzari daude eta ordubeteko iraupena du. Hemen, konpainia ofizialek egiten dituzten lanez aparte, produkzio txikiak egiten dira, batik bat, eta ausarta zentzu horretan da. Ez da erraza ikusleen arreta ordubetez mantentzea, entretenigarria izatea, musika erakargarriak erabiltzea eta beren artean ondo txertatzea… Eta hori guztia, soilik dantza erabiliz, eszenografiarik gabe. Prozesua zaila izan den arren, oso polita izan da. Esango nuke, jendeak pieza handiago bat ikustea eskertu duela eta oso ondo funtzionatu duela.
No pleasure sortzerako unean anhedonia-n oinarritu zinen, hau da, lehen gustuko zenituen gauzetan interesa galtzean. Zer dela eta aukeratu zenuen gai hori?
Proiektua eskaini zidatenenean Fama ¡a bailar! [#0 kateko telebista saio bat] bukatu berri nuen. Telebistan oso azkar doa dena. Astero bost edo sei koreografia sortzen genituen, bata bestearen atzetik. Programa bukatzerakoan, hustuta, nekatuta eta inspirazio gabe nengoela sentitu nuen. Telebistan lan egin ondoren oso argi izan nuen hurrengo lanak lasaia izan behar zuela. Prozesuaz, entseguez eta dantzariez gozatu nahi nuen. Mugimendua bilatu, esploratu eta dantzarien ideiak jaso nahi nituen. Eta pieza luzea sortu behar nuenez gero, koreografia sortzerako orduan, gai bat jartzeak asko laguntzen du. Giroa sortzea, erreferentziak, irudiak, eta horrek guztiak ekar zezakeena: argi ilunagoa, mugimendua, dantzarien arteko kontaktu eza, formalagoa eta abar. Une horretatik aurrera ideia asko irten ziren.
Prestaketa lan hori, pandemia iritsi baino lehen izan zen.
Bai, obra pandemiaren aurretik sortu genuen, baina lehenengo emanaldiak pandemia garaian egin genituen. Nik bizi izan nuen unean baino gaurkotasun handiagoa duela iruditzen zait, eta jendea anhedonia-rekin identifikatuta sentitzen dela esango nuke.
Madrilen izan zen estreinaldi hori. Zer sentitu zenuen No pleasure-k horren harrera ona izan zuela ikustean?
Lehenengo aldia zen antzoki batean soilik nire lana aurkezten zela. Aldi berean emozioa, ilusioa eta beldurra sentitu nituen. Normalean pieza laburrak sortzen direnez gero, programazioa beste zenbait konpainiekin elkarbanatzen da. Baina, aldi honetan, gauak gureak ziren. Hiru egunean lau funtzio egin genituen, eta ikusleak oso kontent irten ziren. Emanaldiarekin bete-betean konektatu zuten. Eskaini genuen azkena izan zen bereziena. Nire bizitzako unerik goxoena bezala gogoratzen dut. Hondarribitik autobus txiki bat antolatu zuten eta lagun zein senitarteko ugari etorri ziren. Bartzelonatik ere hainbat lagun hurbildu ziren. Antzoki hura, bat-batean, munduko lekurik seguruena bilakatu zen niretzako. Dantzarien babesa nuen eta iristen zitzaigun feedback-a oso positiboa zen. Oso maitatua sentitu nintzen. Ez nuen eguna bukatzea nahi.
Zer sentitu duzu emanaldia etxean aurkezterakoan?
Irunen dantza egitea zirraragarria izan zen. Kuadrillako jende ugari etorri zen, eta ikastolako zenbait lagun ere. Hainbeste pertsonaren babesa sentitzea izugarria da. Aspaldidanik ikusi ez duzun jendearekin topatzea, eta gainera nire lan bat ikusten duten bitartean, izugarrizko balioa du niretzako. Gainera, txikia nintzenean nire amaren akademiarekin ikasturteko azken emanaldia Amaia Kultur Zentroan egiten genuen, eta bertara itzultzea oso hunkigarria izan zen.
Datorren emanaldia apirilaren 10ean Donostian Viktoria Eugenia antzokian izango duzue.
Bai, gogoz nago data iristeko. Bertan nire lana aurkeztea amets bat da. Dantzaren mundua ulertzen ez dutenak ere Donostiara hurbiltzera animatzen ditut. Ikuslego zabal bati zuzenduta dago. Oso erraz ikusten da. Hasieratik bukaerara harrapatzen duen horietakoa da. Obra azkarra da, musika aparta du eta dantzariak izugarri ondo daude. Oso koreografia fisikoa da, eta dantzariak hil arte dantzatzen ikusiko dituzue. Ikuskizun original eta interesgarri bezala definituko nuke.
Koreografoa izateaz gain, dantzaria eta irakaslea ere bazara.
Duela 5 edo 6 urte ez dudala profesionalki dantzatzen. Une honetan irakasten eta koreografiatzen zentratuta nago. Nire lehen ideia dantzaria izatea zen, baina pertsonalitateak zeresan handia dauka mundu honetan. Lotsatia naiz, eta gero eta urduriago jartzen nintzen. Eta dantzariek nire sorkuntzak dantzatzeak asko betetzen ninduela konturatu nintzen. Oraindik hasten ari naizela sentitzen dut. 2016an sortu nuen Iker Karrera Konpainia eta une horretan hasi nintzen modu profesionalago batean koreografiatzen. Lan honek bidaiatzea, astero zerotik hastea, eta proiektu berri asko egitea ahalbidetzen dit. Modu horretan, dantzaren barruan bizitza asko bizitzen ari naizela iruditzen zait.
Etengabe proiektu berriak hasten, zure burua ezagutzen ari zara, ezta?
Bai, hala da. Proiektu bakoitza ikasketa handia da. Pertsona asko ezagutzen dituzu, beraiengandik ikasten duzu eta hurrengo lanetarako zure gabeziak edo indarguneak identifikatzen dituzu.
Iker Karrera Konpainia sortzeaz gain, Danza 180 akademia sortu zenuen. Eskolaz hitz egiterakoan dantzaren eraldatzeko gaitasunaz hitz egin izan duzu.
Beti pentsatu izan dut dantzak jendearengan indar eraldatzailea duela, eta eskola sortzerakoan hori zen helarazi nahi nuen mezuetako bat. Pertsonak oso ezberdinak gara dantza klase baten aurretik eta ondoren, eta musikarekin batera, dantzak, reseteatzeko indarra daukala uste dut.
Esan daiteke dantza DNAn daramazula, zure ama ere dantza irakaslea baita. Argi izan duzu beti dantzaria izan nahi zenuela?
Argi izan dut beti dantza asko gustatzen zitzaidala. 16 urte nituenetik klaseak eman ditut amaren akademian. Baina oso lotsatia nintzenez, dantzari izatea ezinezkoa izango nuela uste nuen. 18 urterekin iritsi nintzen Madrilera eta lehenengo castingetan jendeak zuen ausarkeria ikusi nuen. Hasieran, mundu honekin konektatzen ez nuela sentitu nuen, baina hori, azkenean, segurtasun falta da. Formakuntzan dago gakoa. Egoera ezberdinak gainditzea eta prozesuaz gozatzea da garrantzitsuena.
Nola izan zen dantzarekin izan zenuen lehen kontaktu hori?
Madrilen ikus-entzunezko komunikazioa ikasi nuen. Praktikak egin nituen toki berean lana eskaini zidaten. Une horretan erabaki bat hartu behar nuen, eta azkenean dantzaren mundura jauzia egitea erabaki nuen. Sekulako aldaketa izan zen, baina oso aldaketa positiboa. Lehenengo lanak ez ziren munduko beste ezer, baina oso pozik nengoen. Gutxinaka hazten joan nintzen. Urte bakoitza aurrekoa baino hobea izan dela sentitzen dut. Proiektu handienak duela lau edo bost urte iritsi zaizkit. Dena orden logiko batean doala iruditzen zait. Honen harira, konturatu naiz, gaur egungo gazteak besteek egiten dutena gertutik jarraitzen dutela sare sozialen bidez. Eta horrek segurtasun falta eragiten die. Gure garaian ez genuen horrelakorik. Norbera bere buruarengan zentratzen zen. Eta noski, egun badago helburuak argi dituenik ere. Lehenengo pausua formatzea da, ondoren lan txikiekin hastea, esperientzia hartzea eta denborarekin iritsiko dira lan handiagoak.
Hainbat dantza estilotan trebatu zinen, baina batez ere dantza garaikidean zentratu zara.
Dantza garaikideko ikasleen energia asko gustatu zitzaidan, lasaiagoa da eta nire izateko erarekin identifikatuago sentitzen nintzen. Baina, koreografiak sortzerako orduan denera egokitu beharra dago. Eta denetik ikasi dudanez, moldaerraza izatearen zortea daukat. Sektore ezberdinetan, hau da, telebistan, zineman edo antzokietan lan egin izanagatik nahasketa hori daukat. Proiektu bakoitza bestearen oso ezberdina da. Estilo guztien erdian nago eta nik uste dut proiektu asko ezaugarri horrengatik iristen zaizkidala.
Dantzan hasi zinenean eskuratu duzun arrakasta izango zenuela pentsatzen zenuen?
Ez, inondik inora ere. Ez daukat arrakastarik! Proiektu handi asko iritsi zaizkit azken aldian. Ez nuen inoiz pentsatuko Fama ¡a bailar! bezalako programa ezagun batean lan egin eta kameraren aurrean hitz egingo nuenik. Baina dena modu oso naturalean iritsi da eta prestatuta sentitzen nintzen, nahiz eta gauza asko berriak izan. Ondo egin nezakeela uste nuen. Esperientziak gehitzen eta erronkak gainditzen gero eta proiektu anbiziosoagoak iristen dira. Oso kontziente naiz egiten ari naizen bideaz, eta iristen zaidan guztiaz.
Asebeteta zaude izaten ari zaren ibilbide profesionalarekin?
Guztiz. Oso asebeteta eta eskertuta nago. Bizi ditudan esperientzia hauek guztiak gabe ez nintzateke gaur hemen egiten ari naizen hau guztia egiten egongo, eta esperientzia guztiek ni gaur naizena izatea eragin dute. Denetik ikasten da. Urte honetan koreografo gisa parte hartu dudan bi proiektu berri aurkeztuko ditugu: Voy a pasarmelo bien pelikula eta Mama mia musikala. Ilusioz eta energiaz beterik nago, etorriko denaren gogoz.