[Elkarrizketa] «Historian baloratutakoek badute konnotazio matxista»
‘Euskal Herriko artearen historia feminista baten bila. Genealogia berriak eraikitzen 1950-1972’ doktore tesia aurkeztuko du hondarribiarrak martxoaren 31n Kultur Etxean. Aztertutakoari buruzko zertzeladak kontatu ditu.
Euskal Herriko artearen historia berrikusi duzu perspektiba feministatik. Zehazki, 1950 eta 1972. urteen artekoa. Badute berezitasunen bat urte horiek?
Frankismoan ginen, eta aldi berean, bazeuden artista batzuk euskal artea sortzearen aldeko interesarekin. Oteiza, Basterretxea… eta horietaz ari naiz. Nolabait ikusten zen bazegoela diskurtso bat, eta historia horrela kontatu izan da, kontakizun ofiziala hori izan da. Beti topatzen dugu historia bat ematen duela objektiboa eta bakarra dela. Nik galdetu dut historia hori nork kontatu zuen, nola eraiki zen, eta nola historia horrela idatzi izanak baztertu zituen beste historia eta artista batzuk.
Lehen kapituluan legitimatutako diskurtso historikoa eraikitzeko prozesua jorratu duzu. Eraikuntza horretarako zein oinarrirekin egin zenuen topo?
Ulertu behar da gure artearen historia hasten dela eraikitzen trantsiziotik aurrera. Ordura arte ezin zen aldarrikatu euskal artearen historia. Behin noiz hasi ziren identifikatuta, ikusten da garai hartako energiak asko bideratzen zirela kutsu abertzalera, erresistentzia politikoaren ideietara. Konpromiso horiek oso lotuta zeuden espazio publikoarekin, gizartean ekintza horiek garatzeko aukerarekin. Baina arazo bat zegoen: mundu guztiak ez zuen aukera kalean ekintzak egiteko. Generoaren eraikuntzaz ari naiz. Ideia da eraikuntza horretan historian baloratu ziren kontuek ere badutela konnotazio matxista eta maskulinoa. Behin historia hori ulertuta, posible dugu deseraiki eta partziala dela esan, eta beste arte praktiketara gerturatzen den bat eraiki.
Bigarren kapituluan emakume artisten formazio akademikoari erreparatu diozu. Emakume horien lana aztertzeko, zer gehiagori erreparatu diozu?
Hezkuntza oso garrantzitsua izan zen. Nik aztertu eta ikasi ditudan emakume artistak dira nire amonaren garaikoak, XX. mende hasieran jaiotakoak, eta batez ere, 1940 eta 1950. urteetatik aurrera lan egin zuten. Gehienak formatu ziren belaunaldi hartako artistekin, edo arte ofizio eskoletan. Eskola horietan ikasleak arte praktikoetara bideratzen zituzten, etxean erabilgarriak ziren arte praktikoetara alegia: ehungintzara, zeramikara edo horrelakoak. Artista batzuk horretaz bizitzeko aukera izan zuten, adibidez, Irungo Porcelanas del Bidasoa enpresan lan eginda. Emakume diseinatzaile asko izan ziren bertan. Askok esango dizute hori ez dela benetako artea, baina uste dut hori artea dela esatea eraikitzailea dela, artea ulertzeko forma bat eta ez bakarra.
Hirugarren kapituluan Ipar eta Hego Euskal Herriko errealitatea azaleratu nahi izan duzu. Emakume artistek aldaketa asko sumatu zituzten herrialdearen alde batean edo bestean?
Interesgarria izan da ere ardatz geografikoa lekualdatzea, ematen duelako Euskal Herriko artea, Hego Euskal Herrian bakarrik garatu zela, eta badirudi Ipar Euskal Herrikoa ez doala bat gure historiarekin. Zentzu horretan, ulertu behar dugu badagoela sistema artistiko bat iritzi hori izatera bultzatzen duena. Eta orokorrean interesgarria egin zitzaidan ikustea iparraldeko emakume artistek XX. mendean eduki zituzten aldarrikapen batzuk, hegoaldean oraindik ez zirela existitzen. Inkontzienteki edo forma ez zuzenean, baina bai, egoera desberdina zen. Hezkuntza aldetik aukera gehiago izan zituzten Ipar Euskal Herrikoek. Aldi berean, interesgarria iruditu zitzaidan espazio publikorako enkarguen gaia: Ipar Euskal Herrian emakume artistek izan zituzten aukerak horrelako lanak jasotzeko. Hego Euskal Herrian, bada… emakume baten lehen eskultura espazio publiko batean 1990ko hamarkadan ikusi zen lehen aldiz. Feminismoan Hego Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan oro har oso atzerapen handia dagoela ikus daiteke.
Arte politikoa zalantzan jarri nahi izan duzu, jakiteko ea XX. mendeko garai hartan kontzeptuak mugak izan zituen. Zerekin egin duzu topo?
Artistak gaur egungo begirada batetik aztertu nituen. Sortu zuten halako irudikapen bat oso politikoa, nahiz eta garaian ez zen izan horrela ulertua. Aurki ditzakegu aldarrikapen feministak, beraien baldintzez eta esperientziez hitz egin eta aldarrikatzeko asmoa zutenak. Baina nik jaso dut historiak ez dituela inoiz horrela ulertu. Hori kontuan hartzea garrantzitsua zen.