Egilearen esperientzia pertsonalean oinarritutako erakusketa
'Onirismoaren istorioak' obraren bidez, "material onirikoen garrantzia eta unibertsaltasuna" azaldu nahi izan du artistak.
Mabi Revuelta artista bilbotarra da eta gai unibertsalei buruzko gogoetak egitea du atsegin. Haren azken lana, Onirismoaren istorioak, hilaren 25etik 29ra bitarte, izango da ikusgai Menchu Gal aretoan.
Onirismoaren istorioak egileak haurtzaroan bizi izan zuen esperientzia pertsonal batean oinarrituta dago. Behin eta berriz errepikatzen zitzaion amets batean, hain zuzen. Obra honen bidez, “material onirikoen garrantzia eta unibertsaltasuna” azaldu nahi izan du artistak.
Areto handian, Nire begiak itxi, basoa piztu deituriko bideoa egongo da ikusgai. Zehazki, narrazio ezberdinez osatutako ikus-entzunezko pieza da eta hainbat libururen eta idatzien irakurketatik sorturikoa da. Halaber, Otto Castroren musikarekin nahastu du egileak.
Areto txikian berriz, Akerbeltzaren ametsa eta Noche intempesta lanak ikusi ahal izango dira. Bi hauek, zenbait argazkiz eta onirismoaren istorioez, hau da, kaosaren, heriotzaren, azpimunduaren eta misterioaren inguruan mintzo diren istorioez, osatutako muntaketak dira. Lehenengo obrak, Akerbeltzaren ametsak, amets gaiztoak koloretan irudikatzen ditu. Bigarrenak aldiz, gauerdian animaliak lotan azaltzen ditu.
Mabi Revueltak mundu osoan zehar arrakasta handia izan du eta bere sorkuntza-jarduerari aitorpena eginez, 2016ean Gure Artea saria eman zioten. Bere azken lanen artean, Akromatika eta Partida hilezkorra nabarmentzen dira, eta besteak beste, Bilkoko Azkuna Zentroan eta Madrilgo Tabacalera Promoción del Arte areto nagusian aurkeztu ziren.