Arkollako auzokideek saneamendu sistemaren gabezia berrazaleratu dute
Auzoa baztertuta dagoela salatu dute Auzo Elkarteko kideek, eta hitzemateak egon arren, oinarrizko zerbitzurik gabe jarraitzen dutela deitoratu dute.
Arkollako Bizilagunen elkarteak agerraldia egin du gaur udalak auzoari egiten dion bazterketa salatzeko. Elkartearen arabera, auzoaren hiri eremuan ez dute saneamendu sarerik, eta areketatik barna pasatzen da materia fekala.
Duela urte gutxi hirigunean saneamendu lanak egiteko konpromiso politikoa hartu zuela udalak adierazi dute, baina promesa hutsean geratu zela baieztatu dute. Horrez gain, 1996ko arau subsidiarioa ekarri dute gogora eta aipatutako auzo eremuan oinarrizko azpiegiturak premiaz egitearen beharra adierazita dagoela diote. “Hogei eta bost urte geroago, zorra arrastaka eraman da. Ezertan geratu ez den zorra”.
Gutxiengo zerbitzuak dira eskatzen dituztenak, hala nola, jadanik aipatutako saneamendu zerbitzua, ur beltzak eta euri urak kontrolatzeko. Egin ezean, kontroletik kanpoko etxeko isurketek, eta isurketa libreek jarraituko dutela ohartarazi dute, lur jausiak larriagotuz.
Gainera, oinezkoentzako nasak ere behar direla diote, bai oinezkoentzat bai erromesentzat. Bitartean, istripu larriak egoteko arriskua dagoela jakinarazi dute. Kalearekin jarraituz, gutxieneko argiztapen publikoa nahi dute. Honekin bat egin dute baita auzoan landa guneetan bizi direnek ere.
Helburuak lortzeko prest
Behar hauek betetzen ez zirela eta, iazko urte hasieran Bizilagunen Elkartea sortu zuten. Hastapenetan, “dena hitz onak” izan zirela diote, baina gero ez zela zin egindakoa bete gaitzetsi dute. Are gutxiago, 2017ko HAPO-a baliogabetu zenean, “hasierako bultzada berehala desegin zen”.
Orduan, auzoaren premiak plan orokor batean sinplifikatu zituela udalak esan dute. “Oraindik zehaztu gabe dagoen plan batera, zeinak, gainera, logika orotatik kanpoko esku-hartzeak proposatzen dituen, oso zalantzazkoa dena, eta elkartea erabat aurka agertu dena”.
Aitzakiarik eta atzerapenik jarri gabe “berehala” behar-beharrezkoak diren lanekin hasteko exijitu dute. Udalarekin biltzea ere galdegin dute, baina hori lortzea zaila ikusten dutela adierazi dute, “azken kontaktuek erakusten dute gobernu taldearen interesik eta borondaterik ez dagoela”.
Amaitzeko, auzokideek beraien helburuak betetzeko protesta ekintzak gauzatzeko prest daudela eman dute aditzera, “nahikoa da promesa faltsuekin eta hitz onekin. Inguruko askok gaztetan ezagutu dituzte auzoaren hobekuntza asmoak, eta erretiroa hartu ondoren ere, ez dute horri buruzko ezer ikusi. ”.