Zorionak eta milesker, Antxeta!
Eta bete ditugu 20 urte. Bete ditu 20 urte, hobe esanik. Bi hamarkada pasa dira lagun talde bat bildu eta Behe Bidasoa eskualdean irrati komunitario euskaldun bat sortzeko burutazioa mahai gaineratu zutenetik. Utopikoa zirudiena egi bilakatu zuten, eta uhinak euskaraz hasi ziren dantzan Hendaian, Biriatun, Irunen eta Hondarribian.
100 000 biztanle inguru batzen dituen eskualdea saretzen jarduten du Antxeta Irratiak egunerokoan, urteko 365 egunez, gau eta egunez, segundo bakar batean isildu gabe (soilik arazo tekniko edo ekaitzen batek antena botatzen duenean isiltzen da, bai, guztiok eta proiektu guztiek, are gehiago gure herrian eta euskaraz ari badira, akatsak ditugu, kar, kar, kar).
Mugaz gaindiko irratia da askorentzat, hala aurkezten dute zenbaitek han eta hemen. Antxetak, ordea, hegan egiten du eta ez du mugarik ikusten, zubiak baizik. Eskualdea, mugen gainetik, euskarak batzen duela diote. Antxetak, ordea, lotua, saretua ikusi eta bizi du eskualdea. Berez elkartua dagoena, berez bat dena, ez baitu beste deusek itsatsi eta elkartu behar!
Hamasei urte beteko dira bertan lanean hasi nintzenetik. 18 urte besterik ez nituen. Lana eta kazetaritza ikasketak batera egin nituen. Lana uzteko eta lasai ikasteko mezuak jasotzen nituen. Nik, ordea, ez nuen nahi. Ez nuen horrela sentitzen. Zerbait uztekotan ikasketak utziko nituen lana baino, dudarik gabe. Gurasoei ordea, hitza emana nien eta gurean «hitza hitz» izan da beti.
Pozik eta ilusioz joaten nintzen lanera. Gogoz. Askok pentsa dezakete euskal hedabide ttiki batean lan egitea aspirazio profesionalik ez ukatea dela, konformista izatea dagoenarekin.
Eskualdea are gehiago euskalduntzeko xedez sortu zuten Antxeta Irratia. Iparra galdu gabe egin du aurrera urte hauetan guztietan. Hegalak gogor astintzen ditu ordea, eta egun, irrati komunitario euskaldun arrunt bat baino gehiago da. Antxeta Irratia feminista da, Antxeta Irratia ekonomia sozial eta eraldatzailean antolatua dago, Antxeta Irratiak memoria historikoa berreskuratzeko lana egiten du, Antxeta Irratiak jendarte anitz baten alde egiten du egunerokoan, giza eskubideen alde. Antxeta Irratia Behe Bidasoa eskualdetik harago heltzen da, lehenak bigarrenak sortu baitzuen orain bost urte: Antxeta2 hain zuzen. Hala, Bilbora, Iruñera, Gasteizera eta Donostiara ere iristen da Antxeta.
Antxeta handitu den gisan handitu naiz ni. Berarekin batera. Ez da nirea noski, baina oso nire sentitzen dut. Etxeko. Antxetak sustatzen dituen balore eta mezuekin handitu naiz, egin naiz ni ere.
Soldata bat baino askoz gehiago ematen dit Antxetak. Beraz, zorionak ez ezik, milesker ere bai Antxeta Irratia!