[Erreportajea] Isiltasun handiko auzia
2013. urtean lehen salaketak jarri ziren baimenik gabe Kote Cabezudok ateratako argazki pornografikoengatik. Epaiketa hasterako ia 10 urte pasa dira. Biktimak justizia egiteko itxaropentsu daude.

Lehen salaketa jarri zenetik hamar urte pasa direnean hasi dira Kote Cabezudo argazkilari donostiarra epaitzen Gipuzkoako Auzitegian; jadanik bi aste igaro dira, eta lau aste gehiago iraungo du prozesuak. Osotara 32 delitu egozten dizkiote, salaketa jarri duten hamazazpi emakumeen testigantzetan oinarrituta. Horren aurrean, fiskalak 121 urteko espetxe zigorra eskatu du; biktimen abokatuak, 2.338 urtekoa. HITZA-k jada deklarazioa egin duen biktimetako batekin hitz egin du. Haren anonimotasun eskubidea errespetatuz, Maite Agirre gezurrezko izen-abizenekin jasandakoaren eta auziaren gaineko iritzia eman du. Irundarra da.
Jakina da kasuak dimentsio handia hartu duela azken urteetan hedabideei esker, eta Cabezudo pertsona oso ezaguna zelako Gipuzkoan. Baina ez da oihartzunik izan kasuaren larritasunagatik, ezta emakume horiek pairatutako indarkeriagatik. Bada, nor zen Kote Cabezudo?
Agirreren arabera, argazkilari oso ezaguna zen donostiarra, eta jende aurreko ekitaldi ospetsuetan lan egiten zuen argazkilari gisa, leku guztietan hura kontratatzen zuten. Esate baterako, biktimak oroitu du 40 principales irratiko Chica 40 egitasmoan aritu zela argazkilari, Bataplan diskoteka ezagunean. Gainera, First Models izeneko Donostiako modelo agentzia batentzat egiten zuen lan ere. Publikoki lan egiten zuenez, inork ez zuen Cabezudorekin susmorik. Konfiantzarekin jarraituz, modelo agentzia horrek Interneten orrialde bat zuen, eta horra bakarrik igotzen zituen hasieran biktimei ateratako argazkiak. Beste behin, bere lana publikoa zen. «Hemen inguruko nesken argazkiak ikus zitezkeen, normalak ziren, modelatzen agertzen ziren». Esparru publikoetan erraz mugitzeak boterea ematen zion Cabezudori, eta horrela bereganatu zuen biktimen konfiantza, besteak beste. Mehatxuak ere izan ziren tartean.
Haren estudiora sartzerakoan kontua aldatu egiten zen. Espazio pribatuan nola egiten zuen lan azaldu du biktimak: «Bertara iristen zinen, eta berak bere argazkiak erakusten zizkizun, zeinetan miss diren pertsonak agertzen ziren, edo txuri-beltzeko proiektu zehatz bat erakusten zizun. Bere alabaren argazkiak ere erakutsi ohi zituen, hau da, etxekoa zela demostratu nahi zuen horrela». Hori ikustean, eta oso ezaguna zela jakinda, ez fidatzeko arrazoirik ez zegoela errepikatu du Agirrek. «Kontua zen: zuk nola kuestionatuko duzu 60 urteko gizon baten lana, 20 urte inguru dituzunean?».
Baina susmoak agertzen hasi ziren, eta konfiantza desagertzen. Izan ere, argazki sesioetan eskakizun pornografikoak egiten hasi zen. «Argazki pornografikoetan ikusi ohi diren mugimenduak egiteko eskatzen hasi zitzaigun». Puntu horretara iristeko, progresio bat jarraitzen zuela adierazi du Agirrek. Lehenik, argazki normalak ateratzen zituen. Gero, pixkanaka-pixkanaka bakoitzak zein muga zituen ikusten joaten zela gogoratu du. «Batzuk lehenago eten genuen gauza, eta beste batzuk geroago. Baina denekin egiten zuen prozesua berbera zen».
Hainbat manipulazio estrategia baliatzen zituen kamera aurreko emakumeek hark nahi zuena egin zezaten. Are gehiago, delitu hori egiteko ez zela genitalik ikusiko irudietan zin egiten zien, eta ikusten baziren, plano itxi bat izango zirela esaten zuen. Haren aurrean biluzteko, aurretik gorputz atalei ateratako argazkiak jartzen zizkien neskei eredu moduan, eta emakumeek beraiek ere hori nahi zutela pentsatzea oso normala zela argudiatu du Agirrek. «Bakoitzak ikusi genuenean zein zen bere benetako helburua, berarekin harremana eten egin genuen eta orduan hasten dira publiko egiten argazki horiek, ez zenekienak existitzen zirenik ere».
Argazkiak, edonon eta edonori
Cabezudok kudeatzen zuen orrialdeaz gain, orrialde pornografikoetan ere partekatu zituen argazki horiek, eta edonori saltzen zizkiola baieztatu du Agirrek. «Argazkiengatik ordaintzeko prest zegoen edonori bidaltzen zizkion». Interneten publikatzerakoan argazki oinetan ustez zein sexu harreman praktikatzen zuen bakoitzak azaltzen zuen, «pornoan lanean egongo bagina bezala».
Jendearen artean argazkiak pasatzen hasi ziren, eta denek hori gaizki zegoela jakitea, baina inork deus ez egitea izan zela gaiaren alde ilunenetariko bat esan du. «Donostian denek zekiten argazki horiekin gertatzen ari zena, eta isiltasuna izan zen nagusi». Ildo horretan, epaiketan akusazio popularrak egon beharko lukeela uste du Agirrek. Bi alde baino gehiago dituen auzia dela garbi azaldu du.
Biktimek ilegalitate horren berri izan zutenean, horri aurre egiteko ez zutela baliabiderik deitoratu du Agirrek. Horrez gain, haien kontra jokatzen zuen irakurri ez zuten kontratu bat sinatu izanak. Ondorioak laster hasi ziren iristen: «Argazkiak pasatzen jarraitu zuen jendeak, eta bakoitzak ondorio desberdinak izan ditugu; batzuk lan eremuan eta beste batzuk sozialki». Gaur egun Interneten jarraitzen dute argazki horiek, duela gutxi konprobatu du-eta hori biktimak. Cabezudoren orrialdeak ezabatu zituzten, baina hark argitaratu zituen hamaika lekuetan jarraitzen dute. Gainera, ezingo dela inoiz zehazki jakin zein zabalkunde izan duten gaitzetsi du.
Biluzik agertzen diren argazkiez gain, sexu abusuen argazkiak eta bideoak daudela sarean ohartarazi du biktimak. Frustratuta azaldu du Agirrek 2010. urtera arte penetrazio gabeko sexu abusuak hiru urtean preskribatu egiten zirela, eta lehenagotik legea horrela izan ez balitz, abusu gehiagorengatik epaitzeko aukera egongo litzatekeela zehaztu du.
Lehen kasuak argitara ematean, abokatu bat haiekin jarri zen harremanetan eta kereila bat jarri zuten elkartu ziren biktima batzuen artean. Gerora, biktima gehiago batu ziren eta orduan iritsi ziren hamazazpi izatera. Ordutik, biktimen defentsan, abokatu bat eta fiskala dabiltza. Bestalde, berez zenbat biktima dauden inoiz ez dela jakingo dio Agirrek, 1990eko hamarkadatik aritu omen zen abusuak eta erasoak egiten, eta hamazazpik bakarrik eman dute aurpegia. «Ziur gehiago bagarela».
Hastapenetan, kereilek ez zuten eraginik izan, Cabezudok ilegalki argazkiak publikatzen jarraitzen zuelako, eta betiko martxan, lanean zegoelako esparru publikoetan. Argazkilariak leku guztietatik jaso duen babesa izugarria izan dela salatu du biktimak. «Eskatu genuen Cabezudo kartzelan sartzea eta 2018. urtera arte ez zuten espetxean sartu. Bi epaile egon dira epaiketa honetan, eta bigarren epailea sartu zenean, lehen momentutik ikusi zuen kartzelan egon behar zuela, eta hala egin zuen. Hortik aurrera hasi ziren gauzak aldatzen». Ez hori bakarrik: kereila jarri eta Cabezudo Martuteneko espetxera eraman arte bost urte pasa ziren, beraz, frogak ezabatzeko aukera izan zuen.
Biktimentzat ez ezik, Cabezudorentzat bizitzak bere horretan jarraitu zuen. Injustizia horren aurrean, itxaropentsu daude, azkenean, justizia egiteko bidea martxan jarri delako.
2013tik hona aldaketa handia sumatu dutela epailea aldatzearekin iritzi du Agirrek. Oraingoak, lehen momentutik haientzat gogorra izan daitekeela jakinarazi zien, eta hori ulertzen zutela. «Beste epailearekin oso epaituak izan ginen».
Babes falta
Epaiketa hasi zenean 25 bat komunikabide zeuden epaitegien aurrean, eta bost bat gizon Kote Cabezudoren biktimentzat justizia lelodun pankartaren atzean. Horren harira, behin bakarrik ikusi dituela mugimendu feministako kideak epaitegiaren atarian dio biktimak. «Horrek argi erakutsi zuen ez genuela babes handirik. Gainera, epaiketa hasi eta hurrengo eguna Martxoaren 8a izan zen, eta ez genuen inolako pankartarik ikusi gure alde, edo babesa erakutsiz». Ildo horretan, Cabezudo babesten saiatu direla uste du Agirrek, eta hori, norbaitek babestua izateko beharra duelako dela azaleratu du. «Badirudi pertsona gehiago daudela inplikatuta gizon horren inguruan. Bestela, zergatik hainbesteko asmoa bera babesteko?».
Hedabideak auzi horren gainean ez direla zintzo portatu eta lotsagarria izan dela horien jarrera uste du aldi berean. Bere hitzetan, Cabezudo irtetearen aldeko titularrak irakur zitezkeen salaketak jarri berritan:, «esan beharrean: azkenean bortxatzaile hau kartzelara doa». Halaber, diskurtso hori egun asko aldatu dela ere onartu du biktimak, baina harrituta jarraitzen du hori hala izanda ere zeinen babes gutxi izaten ari diren. Halaber, epaiketa hasi denetik, hedabideak askoz jarraitasun handiagoarekin ari dira kontatzen kasua, eta hori aurrerapauso bat izateaz gain, eskertzekoa dela dio Agirrek.
Epaiketa martxan da eta argazkilaria izan da lehena deklaratzen. Biktimak ari dira orain testigantza ematen, banan-banan, eta anonimotasunetik. Amaiera gertu da, eta istorio hau bukatuko delako pozik dagoela adierazi du Agirrek. «Bizitza guztia daramagu honekin gainean. Cabezudok txano bakero bat erabiltzen zuen, eta kalean norbait jantzi horrekin ikusiz gero, antsietatea sartzen zaigu. Luzeegi joan da». Sententziak sentimendu horiekin buka dezakeela azaldu du biktimak. Argazkiak partekatu zituztenak, zer zabaltzen ari ziren konturatzeko ere baliagarria izango dela erantsi du.
Bestetik, babes feministarik ez duela sentitu ere azaldu du, eta espero du mugimendu feminista hain antolatuta dagoen garaian behar duten babesa jasotzea. Agirrek hura ere feminista dela argitu du, eta ez diola mugimendu feministari kritika nahi, baizik eta gabezia bat azaleratu. Gertatutakoa botere matxistak eraikitako isiltasuna dela uste du. «Herriaren babesa behar dugu. Non dago jendea? Ematen du gizon horrek jaso duen babes hori iritsi dela kaleetara, baina, ez guregana ordea. Garaiz gaude oraindik».