[Elkarrizketa] "Euskal Herrian erreferenteak falta dira, eta ez bakarrik musikan"
Doinu elektronikoak sortzera egin du salto Arroyok, Lamarrekin batera. Kosmai Kosin sortu dute, eta oraingoz, abesti bakarra kaleratu duten arren, bederatzi bat argitaratuko dituztela aurreratu du.
Gaizka Lamarrekin batera sortu duzu Kosmai Kosin. Nondik dator proiektu hau?
Bere garaian Gaizkak G.A.Z Limbon jotzen zuen eta nik Gorpuzkingzen. Garai hartan eskatu zigun kolaborazio bat egiteko, eta nik nire buruari esan nion ezetz. Baina erantzutea ahaztu zitzaidan, eta erantzuterakoan baietz esan nion. Harreman ona egin genuen. Ondoren, kolaborazio bat egiteko hitz egin genuen: nik banituen ideia batzuk buruan, eta berak ere. Pandemia garaia iritsi zen gero, eta nahiko erreta amaitu nuen Gorpuzkingzekin. Ondo egon zen, eta bertan behera utzi genituenean gure proiektuak elkartu ginen.
Inpernuan ito nintzen da lehen abestia. Esan daiteke doinu elektronikoak entzuten direla. Zuk nola definituko zenuke estiloa? Rocka ez den oro trapa ez dela defendatzeko aukera duzu honakoa.
[Barre egin du] Berez, gaur egun Euskal Herrian zer nagusitzen da? Alde batetik, Gaztea eta bertan entzuten dena, eta underground dira punk-oi-rock taldeak. Hori entzuten dute gaur egungo gazteek. Elektronikaren oso zalea naiz eta entzuten dut Errusian eta horrelako lekuetan zer egiten den. Ildo horretatik jo dugu. Bestetik, betidanik izan naiz Prodigy zalea eta badauzkagu horrelako beste bi kantu. Nahi nuena zen aldendu Gorpuzkingzetik eta giro horretatik. Han gehienbat itxura zen dena, itxurakeria, aho handikeria, eta orain, bada beno, pertsona serio bilakatu naizenez zentzu horretan jarraitu nahi nuen. Hain justu duela urtebete utzi nuen edaria, utzi nuen parranda, utzi nuen dena eta agian serioegi atera zait kantu hau, berez ez naizelako pertsona serioa baina beno, aldendu nahi nuenez…. Hurrengo kantua desberdina izango da.
Beste abesti batzuk kaleratuko dituzue, beraz. Diskoren bat aurreikusten duzue?
Berez, kantuak grabatuta dauzkagu eta bederatzi sortu ditugu. Baina nire galdera da, gaur egun zertarako ateratzen dira diskoak? Batez ere promozioa egiteko, eta hori ez dago gure planen artean. Agian, Durangora begira diruaren hotsa etorriko zaigu eta batek daki. Inongo presarik gabe gabiltza.
Zer nolako harrera izan du publikatu duzuen lehen abestiak?
1.000 bisita jaso zituen lehen egunean, eta hori Euskal Herrian asko da. Baina, besterik gabe, ez diot estimu handirik jendearen iritziari. Normalean jendeak nahiago du futbola, zezenketak edo Alardea–batez ere herri honetan–, eta orduan musikaren munduan ez dago friki askorik. Jendeak entzuten du irratian jartzen dena eta kito, ez du bestelako irakurketarik egiten. Baina beno, badauzkat nire inguruan bereziki elektronika zaleak direnak; haiei bidali diet eta nahiko erantzun ona jaso dut. Zentzu horretan pozik nago.
Musika elektronikoa euskaraz geroz eta gehiago entzuten da. Talde horiek autotunea erabiltzen dute, eta zuek argitaratutakoan, ez.
Ez dugu autotunea [ahotsa aldatzeko filtro bat da] erabili, baina kantu guztietan erabili ditugu filtroak ahotsetan, bereziki Inpernuan ito nintzen abestian. Baina nire ustez, autotunea, trapa eta hori dena beheraka doa. Ez naiz bereziki zalea ere ez. Gorpuzkingzekin bezala, gurea nazio eraikuntza da. Euskal Herriari opari bat egin nahi genion, eta musika mota hau ekarri dugu, bere garaian trap- a ekarri genuen bezala. Bestela guretzat errazena izango litzateke jarraitzea Gorpuzkingzekin, eta ez genuen hori nahi.
Azkenean, zure bizitzan zauden momentuaren arabera zabiltza sortzen.
Hori da. Ez luke zentzurik izango orain parrandei edo drogari buruz abestea; ni ez naiz hori.
Eta zer interesatzen zaizu zure letrekin kontatzea?
Bai argi ikusten dela, nire ustez, eta jende askok esan dit, prozesu bat izan dudala, nabaria. Duela urte eta zerbait, guztiok bezala, parrandetan murgilduta nengoen eta kantuak arinagoak ziren, eta gero, eduki nuen horrelako prozesu bat, inflexio puntu bat, edo trantsizio bat. Besterik gabe, oso pertsona alaia naiz, baita Lamar ere. Ez zait iluntasunean murgiltzea gustatzen. Itxurari dagokionez, bai; baina besterik gabe. Inguruko edozeinek daki hori.
Euskal Herrian musika elektronikoko erreferenterik izan duzue?
Zoritxarrez, ez dut ia euskal musikarik entzuten. Gustatuko litzaidake askoz gehiago entzutea, baina ez dut entzuten. Adibidez, J Martina iruditzen zait guai dagoela, eta orain arte ez da horrelakorik izan. Merina Gris ere gustatzen zait, elektronika bitxia da. Sega Sound Killers ere maite dut. Esango nuke Euskal Herrian, eta ez bakarrik musikan, erreferenteak falta direla, baita politikan ere. Oso oparoa izan ziren 1970eko eta 1980ko hamarkadak, baina gaur egun ez dakit globalizaziogatik den, baina erreferenteak falta zaizkigu. Gezurra dirudi Internet dugun garai hauetan jendeak ez duela joerarik aukera anitzagoei erreparatzeko.