EH Bilduk udalaren proiektu estrategikoari hiru puntu batzea eskatu du
Kritika egin dio udal gobernu taldeari, gainontzeko administrazioei zuzendutako "eskaera zerrenda" egiteagatik eta udalaren beraren erantzukizuna albo batera uzteagatik.
EH Bilduk udalak urte hasieran aurkeztutako Irungo etorkizuna lantzeko erakunde arteko lan ildoak plan estrategikoren balorazioa egin du. Koalizioak, hasteko, udal gobernu taldearen jarrera kritikatu du, eta ez duela konpromiso zehatzik hartu iritzi dio: “Dokumentua gainerako administrazioei zuzendutako eskaera zerrenda bihurtu dute, udalak berauetan duen erantzukizuna albo batera utzita”.
EH Bilduk onartu du agerikoa dela azken hamarkadetan goragoko instituzioek Irun lehentasunen artean ez dutela, baina, edozein kasutan, gogorarazi du PSE-EE gobernukide dela instituzio horietan guztietan baita Elkarrekin Podemos ere Espainiako Gobernuaren kasuan.
“Posizio eraikitzailea”
Koalizioak, ordea, “Irunerako estrategikoak diren proiektuak” direla argi du, eta “posizio eraikitzailea” izateko prest azaldu da. Alternatibak proposatzen jarraituko duela berretsi du, horiek administrazioetara eramanez; “izan ere, EH Bildun esaten duguna egiten dugu eta egiten duguna esaten dugu”. Proposatutako proiektuen artean aipatu ditu Plaiaundiko pisten lekualdatzea, hirugarren anbulatorioaren proposamean, Olaberria bailara babesteko plan bereziraaren proposamena eta espazio naturalen babestea, besteak beste.
Ildo horretatik, udal gobernu taldearen proiektu estrategikoen dokumentuari beste hiru proposamen batzea eskatu du. Batetik, kirolaren plan estrategikoa. Koalizioaren iritziz, baliabideak eta beharrak ondo ezagutu eta aurrera begirako urratsak erabakitzeari begira proposatu dute plana, eta hiru ardatz izango lituzke: eskola kirola, udal instalazioen optimizazioa eta kirol klubekiko harremana.
Bestetik, deszentrazioa da. Gipuzkoa lurralde barruan joera kostara bizitzera joatea dela jakinarazi du EH Bilduk, eta hiriburuan ezarrita dagoela jomuga, “Irun da biztanlerian igotzen jarraitzen duen hiri bakarrenakoa. Bada, bitxia da biztanlerian igotzen jarraitu ahala, gero eta zerbitzu gutxiago eta zentralizatuagoak edukitzea”. Hala nola, bloke kirurgikoa eta bankaren zerbitzuen hustutzea aipatu ditu. Horri lotuta, auzoei indarra emateko aldarrikapena egin du, “urteetan” egin duen bezala. Hala, Irun eta auzoak zerbitzuekin hornitzeko beharra ikusi du: udaletik, zerbitzuak auzoetara eramateko azterketa egitea (HAZ, ongizatea, ekipamendu kulturalak…) eta beste instituzioetatik, osasuna, banka…
Azkenik, zaintzari lotuta, herritarren beharrei buruzko analisi sakona egitea ezinbestekoa dela uste du, gizarte politikak indartze aldera. Zentzu horretan, osasungintza indartu (lehen arreta indartu eta hirugarren anbulatorioa), inklusio beharrak ondo asetu eta adinekoek egun dituzten beharen gaineko planteamendu berria egitea proposatu ditu.