Zuhaitz Eguna ordutegiekin egingo da
Datorren larunbatean izango da 2019, 2020 eta 2021ean jaiotako haurren arbola landatzea. Horretarako, bi sarrera egokitu dituzte, baita bi karpa ere.
Hurrengo larunbatean, martxoaren 26an, Zuhaitz Eguna berreskuratuko dela jakinarazi du Juan Luis Silanes, Ingurumen zinegotziak. 2019,2020 eta 2021ean jaiotako haur bakoitzarengatik landatuko dituzte Querqus Pirenaicu espeziea izeneko arbolak.
Silanesek kokapenari buruzko xehetasunean adierazi du azken urteetan bezala San Telmo inguruan egingo dela ekitaldia. Bi karpa desberdin jartzeaz gain, bi sarrera egokitu dituzte bertaratzeko; San Telmoko tiro zelaiaren ingurutik eta Higer Itsasargiaren bueltan.
Horrez gain, jende pilaketak ekiditeko beste neurrietako bat ordutegiak ezartzea izan da, eta jaiotze urtearen arabera antolatu dituzte:
- Zuhaitz landatzea. 2019ean jaiotako 68 haurrena, 10:00etan.
- Zuhaitz landatzea. 2020ean jaiotako 89 haurrena, 11:00etan.
- Zuhaitz landatzea. 2021ean jaiotako 103 haurrena, 12:00etan.
- Makila. 2013ean jaiotakoek, 10:30ean.
- Makila. 2014ean jaiotakoek, 11:30ean.
- Makila. 2015ean jaiotakoek, 12:30ean
Ekimen hau udaleko departamendu ezberdinen artean kudeatu dutela azaldu du Silanesek. Aurten, 26 urte beteko ditu egun honek, eta ordutik, 3.800 zuhaitz landatu direla zehaztu du zinegotziak. “Datu oso polita dela iruditzen zait”. Azkenik, ordutegiak errespetatzea eskatu du, baita musukoa erabiltzea ere “denon artean ekitaldi eder bat prestatu eta gozatzeko aukera” izateko.